Ostiral honetatik otsailaren 14ra bitartean ikusgai egongo da Sestaoko Turismo Bulegoan Bizkaiko Labe Garaiei buruzko atzera begirako argazki-erakusketa bat, siderometalurgia-enpresaren historia kontatzen duena.
Jesús Amenedo Turismo zinegotziak prentsaurrekoan azaldu duenez, ekimen honekin "Ezkerraldean izan genuen enpresarik garrantzitsuenaren memoria bizirik mantendu nahi dugu, gure gazteek aukera izan dezaten eskualdeko milaka familiari lana eman zien lantegi hura nolakoa zen ezagutzeko, eta gure adinekoek maitasun handiz gogora dezaten lehen pertsonan bizi izan zuten Sestao zahar hura".
Udalerriko jarduera turistikoaren dinamizazioari lotutako erakusketa horrek Bizkaiko Labe Garaietako iragan industrialari buruzko ehun argazki baino gehiago ditu ikusgai.
Zehatzago esateko, Bizkaiko Labe Garaietako Pentsiodun eta Erretiratuen Elkartearen dokumentu-funtsetik datozen 71 argazki fisikok eta Bizkaiko Foru Agiritegitik datozen 140 argazki digitalizatuk osatzen dute erakusketa.
Erakusketa hau bisitatu nahi duten guztiek Sestaoko Turismo Bulegoan (Rivas kalea 70) egin ahal izango dute, asteartetik igandera, 10:00etatik 15:00etara. Informazio gehiago nahi izanez gero, deitu 944 07 09 85 telefonora edo bidali emaila visit@sestao.eus helbidera.
Bizkaiko Labe Garaiak Euskal Herriko eta Espainiako siderometalurgiaenpresarik handiena izan zen XX. mendearen zati handi batean. Hiru lantegi handiren fusioari esker (La Iberia, La Vizcaya eta Altos Hornos de Bilbao) 1902an sortua, Ezkerraldeak bizi izan zuen industrializazioaren fenomenoaren estandarteetako bat izan zen, eta egun bizirik dirau bere jarduerak utzitako arrastoetan.
Hau da Turismo Bulegoak antolatzen duen hirugarren erakusketa, 2023ko uztailean ireki zenetik. Lehenengoa Barakaldoko Nuestra Señora del Carmen lantegiari egindako omenaldia izan zen, eta bigarrena Angel Aja pintorearen margolan bilduma bat.