Síguenos en redes sociales:

Udalerriko lau gunetako argiterria berrituko du Abadiñoko Udalak

Abadiñoko Udalak LED teknologiazko argiteria jarriko du udalerriko lau gunetan. Horretarako, lehiaketa martxan jarri berri du. Proiektu honekin udalerrian energia aurrezteko eta ingurumena hobetzeko konpromisoarekin jarraituko du Udala.

Jadanik publikoa den lizitazioan, herriko hainbat zonaldetako argien lau aginte-zentro zehazten dira: Txinurrisolo, Arlozabal eta Iturritxo kaleen, eta Txanporta plazaren inguruak hartzen dituzten aginte-zentroak dira horiek.

Bai argiteria aldaketa bai telekudeaketa-sistemaren instalakuntza jarduera, energiaeraginkortasuneko irizpideetan oinarrituko dira. Argiteria LED argiekin berriztuko da, eta eraginkortasuna eta aurrezpen ekonomikoa hobetzeaz gain, gune​ horietako ikuspena hobetzea da helburua. Horrez gainera, instalazioak indarrean dagoen araudira berritzeko eta egokitzeko, argi-distira eta argi-kutsadura mugatzeko asmoz egingo dira lanak.

Aurrekontu parte-hartzaileak

Udalak 130.000 euro bideratuko ditu proiektu honetara, eta interesdunek azaroaren 6ra bitarte aurkeztu ditzakete beraien proposamenak. Lanak urte amaieran hastea aurreikusten da.

Proiektuak azken aurrekontu partehartzaileetan jasotako emaitzei eta Legegintzaldi Agendak batzen duen argiteriaren berritzeari erantzuten die. Izan ere, herritarrek gehien bozkatu zuten proiektua udalerrian hainbat eremutan argiztapena hobetzearena izan zen. Finantzazioari dagokionean, aurrekontu partehartzaileetan proiektu honi bideratutako 50.000 euroez gain, udalak 64.000 euroko dirulaguntza eskuratzea lortu du Foru Aldunditik.