Joan den irailaren 27tik, Bermeoko Udaleko Gazteria Sailak Bermesex zerbitzua berreskuratu zuen udako etenaldiaren ondoren eta ordutik, udalak eskaintzen duen zerbitzu publiko, konfidentzial eta doakoa berriz ere eskuragarri dago “sexua eta sexualitatea bizitzeko modu onuragarriak bilatzeko” helburuarekin.

Sexualitateari buruzko informazio eta orientazio zerbitzu hau hamabostean behin eskaintzen da Kultur Etxean eta zerbitzu honen bidez, gazteei elkar ezagutzen, onartzen eta adierazten laguntzen zaie, beste pertsona batzuekin harremanak izateko modurik onuragarriena bilatuz.

Helburu hori lantzeko, gazteekin, familiakoekin eta profesionalekin lan egiten da. Horretarako, gazteei, helduei, irakasleei, gurasoei, begiraleei, edota hezitzaileei aurrez aurreko zerbitzua eskaintzen zaie bertan. Gainera, orientazio-ereduaren bidez, profesionalekin eta familiekin lankidetzan, arazoak konpontzeko bideei buruzko gogoeta egiten da, eta egoera bakoitza konpontzeko modurik egokienak aztertzen dira.