Abadiñoko Udalak bat egin du Psikologia Elkargo Ofizialarekin ‘Zure buruko osasuna zaintzea zure bizitzea zaintzea da’ kanpaina martxan jartzeko. Ekimen horren bidez, udalerrian arreta psikologikorako sarbidea hobetu nahi du Udalak, astearte honetan martxan jarriko den psikobonuen kanpaina honekin.
Izen-ematea Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu osteko egunean zabaldu zen, eta 15 egun dituzte interesdunek eskariak egiteko, hau da, urriaren 18an zarratuko da epea. Udal bulegoetan eta Herritarren Arreta Zerbitzuan eskatu ahal izango dira.
Programa honen helburuetako bat ahalmen eta baliabide txikiagoa duten herritarrengana iristea da. Horregatik, eskabidea aurkezten den egunean Abadiñon erroldatuta egoteaz gain baldintza hauek betetzen dituztenek eskatu ahal izango dituzte bonoak:
- Familia-unitateak kide bakarra badu: urtean 20.500 eurotik beherako diru-sarrera edukitzea
- Familia unitateak bi kide baditu: 26.500 eurotik beherako diru-sarrera edukitzea
- Familia unitateak hiru kide baditu: 29.000 eurotik beherako diru-sarrera edukitzea
- Familia unitateak lau kide edo gehiago baditu: 31.500 eurotik beherako diru-sarrera edukitzea
Psikologiako profesionalekin egingo diren saioetarako 166 bonu eskainiko ditu programak. Ekimen honi esker, abadiñarrek saioetara sartzeko aukera izango dute, baina bakoitzak 5 euro ordaindu beharko ditu, eta Udalak 60 euroko diru-laguntza emango du bonu bakoitzeko. Pertsona bakoitzak 4 bonu erosi ahal izango ditu gehienez, eta 4 hilabeteko epean erabili beharko dira. 10.000 euro bideratuko ditu udalak kanpaina honetarako.
Edurne Maguregi Gizarte Ongizateko zinegotziak nabarmendu duenez, “osasun mentalaren inguruko estereotipoak haustearen alde egiten dugu. Arazoa ikusarazi gura dugu, arduraz hitz egin horretaz, eta pertsona bakoitzak, bere adina edo egoera kontuan hartu barik, laguntza profesionala izan dezan sustatu. Aukera hau ahalik eta pertsona gehienek baliatzea gura dugu”.
Horren harira, Maguregik azaldu duenez, “Psikologia Elkargoak, saioak egingo dituzten profesionalen oharretan oinarrituta, lau bonuak hasieran ez erostea gomendatzen du, profesionalak jada preskribatu ezean. Lehenengo saioan, profesionalak beharrak ebaluatuko ditu eta zenbat saio osagarri behar diren gomendatuko du. Horrek bermatzen du bonuak modu eraginkorrean erabiltzea eta erabilerarik gabe ez geratzea, eta, horri esker, pertsona gehiagok izango dute bonuak baliatzeko aukera”.
Mikel Urrutia alkateak gogoratu du, osasun mentala, konpetentzia legez Osakidetzarena dela, “eta hortaz Osasun Sailari dagokiola beharrezkoak diren baliabideak, herritarren beharrizan hauei ere aurre egiteko. Abadiñoko Udaletik, ahal dugun heinean, ahalegina egingo dugu gure herritarren osasun mentala hobetzen laguntzeko”.
Urrutiak adierazi du programak pertsona guztiei begiratzen diela: “Garrantzitsua da udalak baliabide gutxiago dituztenengana iristea. Hainbat neurri hartu ditugu agintaldi honetan beharrizan handiena dutenak atzean ez geratzeko, eta osasun mentalari dagokionean ere babes hori eskaini gura izan dugu. Gure osasun mentalean inbertitzeko tartea ere bada hau, kanpainaren lemak dion legez, gure burua zainduz gure bizitza zaintzen dugulako”.
Osasun mentala, erdigunean
Maguregik kanpainaren berritasuna eta aurreikuspenak azalduz amaitu du aurkezpena: “Abadiño antzeko programa bat martxan jartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko bigarren herria da. Ekimen honekin, espero dugu psikobonuen programak eragin positiboa izatea gure komunitatean, behar dutenentzat laguntza psikologiko eskuragarria eskainiz eta osasunaren zaintza sustatuz”.