Udalerriko katu koloniak zaintzeko eta beharrezko trataera ematen saiatzeko akordioa sinatu egin du aste honetan Abadiñoko Udalak Abadiñoko Kalekatuak eta Más Vida izeneko elkarteekin.

Orain artean, elkarte biak, katuak elikatzeko erreferentziazko guneak jartzeari esker, HAMA (Harrapatu-Antzutu-Markatu-Askatu) metodoa erabiliz aritu dira lanean. Prozesu honen helburuak dira, besteak beste, katuen ongizatea zaintzea eta gizakien artean ondo integratuta, arazorik sortu gabe elkarbizitza erraztea.

Hitzarmena adosteko prozesuak hainbat hilabeteko lanketa izan du, baina bien bitartean Udala hainbat aurrerapauso ematen aritu da, elkarlana sendotuz. HAMA metodoa martxan jartzeko, katuak hartzeko kaiolak erosi ditu, katuak elikatzeko ikastaroak eta baimenak kudeatu ditu eta elikagaiak ordaintzen hasi da, albaitaritza zerbitzuen kontratazioak egin eta elkarteek materialak uzteko lokala bat eskaini die.

Aurrerantzean, hitzarmenaren edukiak garatuta, kolonia batzuen birkokapenean, guneen azpiegituretan eta eritutako katuekin jarraitu beharreko protokoloan aurrerapausoak ematea espero dute sinatzaileek.   

Udalaren eskumena

2022an Etxeko Animaliak Babesteari Buruzko Legea onartu zenetik, udalerri guztietan, katu kolonien kontrola eta kudeaketa udalari dagokio, eta hilabete hauetan elkarlanean jardun du Kalekatuak eta Más Vida elkarteekin auzo desberdinetan antzemandako kolonietan HAMA metodoa aplikatzen. Duela urtebete berrartu zuen metodoa udalak, aurreko legegintzaldiko gobernuak eten ostean; iazko azarotik hona kolonien kontrolik gabeko hazkundea etetea lortu du. Mikel Urrutia alkatearen hitzetan, “urtebete baino gehiago daramagu hitzarmen hau sinatzeko lanketan eta lortutako akordioa oso garrantzitsua da katu kolonien

kudeaketa era ordenatuan egiteko eta beharrezkoak diren baliabideak identifikatu eta eskuratzeko. Gogora ekarri nahi dut, 2022tik Udalen ardura dela kolonia hauen kudeaketa, eta eskerrak eman nahi dizkiet kudeaketa honetan ardurak hartu eta bolondres laguntzen ari diren guztiei. Aldi berean eskatu nahiko nieke, katuak beraien kabuz elikatzen dituzten herritarrei, elkarteekin harremanetan jartzeko, gauzak era ordenatu eta kontrolatuan egiteko”.