Bermeoko Turismo Bulegoko arduradun Bego Gangoiti Cangak ezagutzera eman duen bezala, Bulegoak 14.294 bisitari artatu zituen ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean, aurreko urteetan baino bisitari gutxiago. “Bisitariak gero eta informazio gehiagorekin etortzen dira beren jatorrizko lekuetatik”, azaldu du Gangoitik.
Udaldiko turismo datuek aditzera eman dute eguneko bisitarien kopuruak behera egin duela, eta, berriz, “gora egin du nabarmen” udalerrira astebete pasatzera datozen turistak. Aldaketa horren ondorioz, gaur egun, turistek kontsulta sakonagoak egiten dituztela aipatu du Gangoitik: “Turistek dakarten informazioa lehen bi egunetarako agortzen zaie, eta, gero, informazio pertsonalizatuagoa behar dute gainontzeko egunetarako”.
Udako hilabeteak kontuan hartuta, urtero modura, abuztua izan da jendetsuena. Hilabete horretan, 6.868 bisitari hartu ditu Turismo Bulegoak, uztailean 3.448, ekainean 2.060 eta irailean 1.918. Uztaileko turismo jarduera nabarmendu du Gangoitik, aurtengoa “apur bat arraroa” izan dela aipatuta, eta sektoreak berak ere hala diola gaineratu du: “Eguraldi ezegonkorra egon da, merkatu estataleko gure bisitarien profilaren artean daudenak nazioarteko bidaietara jo dute... Ondorioz, uztaila hilabete txarra izan da turismoari dagokionez”.
Bisitarien jatorriari dagokionez, gehienak estatukoak izan dira: madrildarrak eta katalanak, eta atzerritarren artean, frantsesak.
Sareko informazioaren garrantzia
Turismo Bulegoko arduradunak nabarmendu du, gaur egun sare sozialek eta web-orrialdeak geroago eta garrantzia handiagoa daukatela informazioa zabaltzerakoan: “Web-orria da gure indar gunea Interneten. Web-orrialdea eguneratuta edukitzea ezinbestekoa da, bai sektorearen produktuak saltzeko, baita ere turista potentzialak informazio baliogarria izateko”. Ekainetik irailera bitartean, 21.009 bisita izan ditu Turismo Bulegoaren web-orrialdeak; Facebook eta Instagram sare sozialetatik ere bisita ugari izan dituzte.
Gaztelugatxeko autobus zerbitzua
Aurten, uztailean eta abuztuan, Turismo Bulegotik Gaztelugatxera joateko autobus eta gidari zerbitzua eskaini dira. Guztira, 5.200 sarrera egon dira salgai, eta horietatik, 3.914 saldu dira, %75,26. Sarrera salmenten zenbatekoa goraka doa, zerbitzua gero eta gehiago ezagutzen delako. Abuztuko hiru astetan, sarreren %100a saldu zen. 2025erako helburua, gutxienez, sarreren %80a saltzea litzatekeela aipatu du Gangoitik.
Zerbitzuko erabiltzaileen asetasun maila “oso altua” da; “balio handiko bisitak” direla uste dute. Bisita hauetako bisitariek herri mailan zabaldu gura dugun mezua jaso dute, eta horretan pisu handia daukate bai gure nortasunak, eta baita ere gure usadioak: “Zerbitzu honetako erabiltzaileak Gaztelugatxeko San Juan bisitatzen duten ehuneko oso txikia dira, baina talde oso garrantzitsua da turismo jasangarria bultzatzeko bidean: tokiko azpiegiturak erabilita, tokiko lan postuak sortuta, auto erabiltzaile kopurua murriztuta, herriari interesatzen zaion informazioa zabalduta eta ingurumen eta identitate zainketa suspertuta”.