Aurreko asteburuan ADES Espeleologia Elkarteak (Gernika-Lumo) Lekeitioko itsaslabarretako haitzuloen prospekzio eta esplorazio kanpaina bat jarri zuen abian, kostalde honen ezagutza maila handitzeko helburuarekin.

Kanpaina hori iraila eta abendua bitartean egingo da; izan ere, naturagune berezi horrek babestutako hegaztien habiak baititu, Falco peregrinus eta Phalacocrorax aristotelis bezalakoak. Muga horri beste batzuk gehitu behar zaizkio, hala nola meterologia, mareak eta ADES Espeleologia Elkarteko kideek egin ahal izatea. Izan ere, “gogora dezagun ADES Espeleologia Elkarteko kide guztiak boluntarioak garela, gure denbora librean aritzen garela, hala ere, kostako zati horren ezagutza-maila ahalik eta gehien handitzen saiatuko gara”, azaldu dute.

Ekimenak Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ingurunearen Sustapen eta Nekazaritza Sailaren baimena du, eta espedizioak egiterako orduan espeleologoek inguruko hegaztiak aztertzen dituzten ornitologoekin koordinatuta jardungo dute.

Lehen jardunaldia joan den asteburuan izan zen, Lekeitioko eta Ispasterreko itsaslabarretan. Espedizioa Antzoriz lurmuturrera joan zen, eta Antzoriz I eta II ikuskatu zituzten Santa Katalina ermitaren azpian, eta gauza bera egin zuten gero Solope I eta II zuloekin.

Bigarren ikustaldi bat ere eginzuten duela urte batzuk identifikatutako Otoioko Urbegitik. Behar bezalako katalogazioa duen puntua da hau, eta beste gauza batzuen artean etengabeko ur-iturria du, zonaldean erreferentzia-puntua bihurtuz. Beraz bertara abiatu ziren eta iristeko bidea erraza ez bazen ere, segurtasunez egin zitekeen bidexka bat identifikatzea lortu zuten.

Espedizioak egin ondoren, ADES Espeleologia Elkarteko kideek eguneko xehetasun eta aurkikuntza guztiak bilduko ditu bere blogean Gabilaren eta karrabasoen eremuan atalean.