240 triatletak eman dute izena igande honetan, irailaren 8an, ospatuko den Sestaoko triatloian parte hartzeko. Horietatik 182 gizonak dira eta 58 emakumeak, eta hortaz, proban parte hartuko duten emakumeen kopuruaren errekor berria ezarri da. Dagoeneko itxita dago inskripzioak egiteko epea.

Azken urteotan ohikoa den bezala, kirol-ekitaldi garrantzitsu batek markatuko du irailaren hasiera, Sestaoko Triatloiak, hain zuzen, proba hamargarrenez jokatuko baita datorren igande goizean, irailak 8. Euskadiko Triatloi Federazioaren, Sestao Kirolak-en eta hainbat enpresa pribaturen laguntzarekin Sestao Triatloi Taldeak antolatutako probak Estatuko hainbat tokitatik etorritako triatoilari ugari bilduko ditu gure udalerrian, aurten federatuentzat soilik erreserbatuta dagoen lasterketa irabazteko lehian. 

Euskadi izango da triatloilari-ekarpen handiena egingo duen erkidegoa, baina Nafarroa, Errioxa, Kantabria, Asturias, Galizia, Katalunia, Gaztela-Mantxa, Madril eta Valentzia Erkidegoetako kirolariak ere Sestaora etorriko dira proban parte hartzeko.

Parte-hartzaileek 750 metro egin beharko dute itsasadarrean igeri eginez; 22 kilometro bizikletaz, zailtasunik handiena Ballonti merkataritza-gunerako igoera izango duen ibilbidean; eta 5 kilometroko korrikaldia, Sestao eta Portugalete arteko itsasadarreko pasealekuan. Beti bezala, kirol-modalitate batetik bestera igarotzeko eremua La Benedictan egongo da.

Goizeko 11etan, irteteko pistola-tiroak hasiera markatuko die gizonezko kirolariei. Zazpi minutu geroago, emakumezko kirolariek uretara jauzi egingo dute eta, dena ondo bidean, bi ordu geroago jakin ahal izango da zein izan diren lehenengo sailkatuak. 

Sariak adin-kategoria hauen arabera banatuko dira: absolutua, junior, S-23 eta beteranoak 1, 2 eta 3. Aurtengo triatloian, etxeko klubeko 18 triatlolarik parte hartuko dute, dena emango dutenak garaipena gure herrian gera dadin.

70 boluntario inguruk osatutako talde batek lagunduko die probaren Ibilbidean zehar igaro behar duten ibilgailu-gidariei eta kirolariei, triatloia berme guztiekin egin ahal izateko. Kirol-proba dela eta, igandeko 11:00etatik 13:00etara bitartean, aldaketak egingo dira txirrindularitza-proba eta oinezko lasterketa egingo diren kaleen trafikoan.