Sestaoko udaletxeko osoko bilkuren aretoan kokatuta dagoen 'Naval y Altos Hornos' izeneko murala zaharberritu du Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko talde batek. Mural hori Abustin Ibarrola artista basauriarrak margotu zuen 1962an, eta margolariaren semea izan da zaharberritze lanen emaitza ezagutzera eman dutenean.
Erika Tarilontek, zaharberritze taldearen bozeramaile gisa, eta Julen Murga soinujole sestaoarrak ere parte hartu dute, eta honek bi musika pieza interpretatu ditu. Era berean, Udaleko talde politiko guztietako ordezkariak bertaratu dira. Osasun arazo bat dela eta, bertan egon ezin izan dena José María Alonso izan da, Muebles Alonso saltokiaren jabea, Udalari murala eman ziona.
'Naval y Altos Hornos' murala 1962an margotu zuen Agustín Ibarrolak Via Galindo kaleko El Chato tabernan, Matías Martínez igeltsero lagun batek proposatuta. Urte batzuk geroago, lonja hau Alderdi Komunistaren egoitza bihurtuko zen. Mende berria iritsi zenean, José María Alonso merkatariak lokalaren jabetza hartu zuen, altzariak saltzeko negozioa handitzeko asmoz, eta murala gal ez zedin, Udalari ematea erabaki zuen.
Bide batez, lehen zaharberritzea egin zitzaion Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatearen laguntzarekin. 2010ean Agustin Ibarrola udaletxera joan zen bere obra berriro sinatzera. Urtearen amaieran, artista ezagunaren heriotzarekin batera, eta denboraren joanak bere obran eragin handia izan zuela ikusirik, Udala berriro jarri zen harremanetan bere lehen zaharberritzean parte hartu zuten pertsonekin, aurpegi garbiketa berri bat egiteko.
Horrela, Sestaoko Udalak beste urrats bat eman du kultura- eta industria-ondarea zaintzeko. Horma-irudiak kolore gris, beltz, zuri eta okreetan islatzen ditu labe garaietako industria-bizitza eta ontzigintza.