Aste honetatik aurrera, Galdakaoko kiroldegiko abonatuek ez dute txartela fisikoki eraman behar izango, erabilgarri egongo baita 'NIK Patrika Digitala' izeneko aplikazio berria. Hala, erabiltzaileek kiroldegietako instalazioetara mugikorra erabiliz sartu ahal izango dira, Elexaldeko igerilekuetara barne.

`NIK Patrika Digitala´ proiektua udalek, foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak eskaintzen dituzten zerbitzuetara erraz iristeko espazio mugikor bat da, betiere segurtasuna bermatuz. Aplikazio hori doan deskarga daiteke bai Androiderako bai iOSerako, eta txartelak modu lokalean gordetzeko aukera ematen du, txartelen titularraren gailu mugikorrean, instalazio, zerbitzu publiko edo webguneetara modu seguruan sartzeko eta hainbat gairi buruzko komunikazioak jasotzeko. Horretarako, BakQ identifikazio elektronikoa edo ziurra den identifikatzeko beste sistema sendo bat eduki beharko da, hala nola Izenperen ziurtagiri digitala, NAN elektronikoa edo moneta eta zerga zigiluaren fabrika nazionalaren ziurtagiria.

Txartel zorro hori oso erabilgarria da, aukera ematen baitu dokumentuak mugikorrean edukitzeko eta, beharrezkoa denean, aurrez aurre eta modu telematikoan aurkezteko. NIK Patrika Digitalak, besteak beste, Osakidetzaren OTI osasun-txartela, Euskadiko Liburutegi Publikoen Sareko txartela edo Gazte Txartela hartzen ditu, eta hemendik aurrera, Galdakaoko kirol instalazioetako abonatu txartela ere bai.

Datozen hilabeteetan, gure udalerrian sistema horri zerbitzuak gehitzen jarraitzea espero da, eta, adibidez, arte eszenikoetako edo zinemako ikuskizunetarako sarrerak erosi dituzten bazkideek Torrezabalera sartu ahalko dute telefono mugikorraren pantaila erakusteko keinu hutsarekin. Horretarako, hala ere, denbora behar da oraindik, sistema batzuk egokitu behar baitira.