Herrian boluntariotza sustatzeko dirulaguntzak emango ditu Portugaletek
Portugaleteko Udalak martxan jarriko du herrian boluntariotza bultzatzeko eta sustatzeko dirulaguntzen deialdiaren edizio berri bat. Dirulaguntza horiek, honako arlo hauekin lotutako gizarte-programak garatzen dituzten erakundeei bideratuta daude: gizarte-desabantailako egoerak, hezkuntza-integrazioa, mendekotasuna eta osasuna, gizarte-bazterkeria jasateko arriskua duten kolektiboen sustapena, nazioarteko lankidetza, bidezko merkataritza, gutxiengoen garapen sozioekonomikoa, kultura-esparrua, ingurumena eta animalien babesak, herritarren parte-hartzea eta gizalegea, giza eskubideak eta indarkeriaren biktimak, larrialdia eta sorospena edo denbora librea.
Azken batean, dirulaguntzak Portugaleteko erakundeei edo Portugaleten presentzia aktiboa duten erakundeei zuzenduta daude, baldin eta, beren proiektuen helburuen artean, erakundearentzat boluntarioak sustatzea, gaitzea edo boluntarioak erakartzea bada helburu nagusia.
Aurreko urteetan bezala, aurten ere, atal berezi bat irekiko da Portugaleten egindako Ikaskuntza eta Zerbitzu Solidarioko proiektuak diruz laguntzeko.
Portugaletekoa da Euskadi osoan boluntariotza tokian-tokian sustatzeko egiten diren deialdi espezifiko bakanetako bat.
Aurten, zenbatekoa 20.000 eurokoa izango da. Iazko deialdian 12 proiektu finantzatu ziren dirulaguntza horien bidez.
Eskaerak aurkezteko epea uztailaren 29an ireki zen eta irailaren 15ean amaituko da.
Eskabideak Portugaleteko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez soilik aurkeztu ahal izango dira, erakunde eta elkarteentzako legeak ezartzen duen bezala.
Hala ere, boluntariotza sustatzeko laguntza behar duten erakundeek ADAKA udal-zerbitzuaren laguntza jasotzeko modua dute (94 496 15 28 adaka@adaka.org) bai proiektuak egiteko bai egoitza elektronikoan aurkezteko. Daten arabera eta irailera arte, Adakarekin harremanetan jarri ahal izateko, Parte-hartze eta Gizarte Berrikuntza Sailera jo behar da: participacion@portugalete.org.