Aurrera doa Elorrioko Udala Kurutziagako biribilgunea errealitate bihurtzeko erronkarekin. Proiektuaren behin betiko aurkezpenean nabarmendu bezala, bide luzea dago aurretik, baina obrak hastea ahalbidetzeko prozesuan murgilduta dago Udala.

Proiektua idatzi duen taldeak, SESTRA arkitektura-ingeniaritza estudioak, joan den ekainaren 25ean Udaletxean elorriarren aurrean azaldu zuen biribilgunearen diseinua erabat zehaztuta dagoela. Horretarako kontuan hartu dira herritarren ekarpenak, erredakzio-taldearen proposamenei buruzko informazioa lortu ondoren.

Orain hainbat pauso eman behar dira lanei hasiera eman aurretik. Lehenik eta behin, SESTRAk oinarrizko proiektua eta exekuzio-proiektua aurkeztu behar du; ondoren, finantzazioa lortu eta bideratzeko prozesua hasiko da; horren ostean, obra lizitatu, eta, azkenik, exekuzio-lanei ekin.

Jakina da Kurutziagako biribilgunea leku mugatuan kokatuko dela, beraz, eta aurkezpenean azpimarratu bezala, “ezin da miraririk egin”. Hala eta guztiz ere, 26 metroko diametroko biribilgunea diseinatu da, kamioi handien eta autobusen maniobrak bermatzeko. Hori dela eta, Aldatsekuaren aurrealdean leku pixka bat hartuko da, eta lorategi-eremu hori berrantolatu egingo da.

Esku-hartzeak maila berean kokatuko ditu espaloiak eta errepidea, zoladura berezi batekin, eta Elizburu, Ibaikua eta Urkizuaran kaleetako espaloiak erabat aldatuko dira. Ibilgailuak edozein aldetatik datozela ere, biribilgunean sartu aurretik oinezkoentzako zebra-bide jaso bat zeharkatuko dute, oinezkoen segurtasuna bermatze aldera.

Oinezkoek lehentasuna izango dute Ferialean eta norabide bakarrarekin jarraituko du, noranzkoa aldatuz. Aldiz, autobus geltokia eta zaborrontziak Elizburu kalean jarriko dira. Kale horrek aparkatzeko plaza-kopuru bera izango du.

Urkizuaran kalean proiektuak jarraipena izatea ere adostu da, aurreko saio batean herritarrek egindako ekarpenak kontuan hartuta.

Kurutziagako biribilgunearen proiektuarekin, Udalak udalerriko zirkulazio arazo garrantzitsu bati irtenbidea eman nahi dio, oro har oinezkoen irisgarritasuna eta segurtasuna hobetuz, batez ere gune jakin batzuetan, adibidez, Aldatsekuko sarreran eta autobus geltokietan. Bestalde, gunearen alde "atsegina" mantendu nahi izan da: berdeguneak, zuhaitzak eta Ferialaren idiosinkrasia.

Tamaina eta aurrekontu handiko proiektua denez, "bidea luzea izango da, baina gure helburua legealdi honetan biribilgunea errealitate bihurtzea da”, Maria Herrero hirigintzako zinegotziaren arabera.