Aurreko edizioek izandako arrakasta kontuan izanda, Amorebieta-Etxanoko Udalak martxan jarriko du tokiko merkataritza babestea eta sustatzea helburu duen bonuen kanpaina berria. Amorebono 2024 izenpean, herriko merkataritzaren aldeko apustua egingo dute Udaletik, udalerriko establezimenduetan erostea sustatzeko. Parte hartu nahi duten establezimenduek inskribatu daitezke dagoeneko.
Aurreko edizioetan bezala, kanpainaren helburu nagusia da tokiko jarduera ekonomikoa bultzatzea, tokiko lehen sektoreko ekoizleen zein negozioeen salmentak sustatze aldera.
Edozein negoziok har dezake parte kanpainan, hori bai, salmenta-puntuak Amorebieta-Etxanon kokatuta egon behako du eta ezin izango dituzte 25 langile baino gehiago izan plantillan.
Izen ematea zabalik
Kanpainan parte hartu nahi duten negozioek izena emateko aldez aurretik establezimendu guztietara bidalitako izen-emate orria aurkeztu beharko dute Herriko Plazan kokatuta dagoen Herritarren Arretarako Zerbitzuan, astelehenetik ostiralera, 7: 30etatik 15:00etara. Kanpainaren oinarriak eta izena emateko orria jaso ezean, dokumentazio hori HAZen ere egongo da eskuragarri.
Izena emateko epea zabalik dago jada eta kanpaina uda amaieran hasiko da. Parte hartu nahi duten negozioek izena eman ahal izango dute kanpaina amaitu arte.
Udalak Amorebono 2024 kanpainan parte hartzeko deia egin die herriko negozioei, eta baita herritarrei ere, indarrak batuta, udalerriko jarduera ekonomikoa sustatu eta tokiko merkataritza babesteko, kaleak bizirik mantentzeko tokiko negozioak ezinbestekoak baitira.