Joan den ostiralean, ekainaren 28an, Lauro Errotabarri E.K.E. taldean egindako lanagatik Bizkaiko denboraldiko eskubaloi jokalari senior onenaren saria eman zioten Jone Izquierdo Alcoba ermuarrari. Bizkaiko Federazioak ematen du saria.

Amaitu berri den denboraldian, Lauro Errotabarri taldea Emakumezkoen Zilarrezko Ohorezko Mailako sailkapen nagusian hirugarren sailkatu da.

Zenbakiek Jone Izquierdok taldeari eta honek lortutako emaitzari egindako ekarpen garrantzitsua egiaztatzen dute. 25 partida jokatu ditu eta 163 gol sartu; ondorioz, zilarrezko mailako B multzoko laugarren golegile nagusia izan da. Jone borrokalari petoa da, kantxan duen indar eta kemenagatik nabarmentzen dena. Ezaugarri horiek eta gainerako bertuteak Iruñako "Anaitasuna" taldearekin fitxatzeko balio izan diote. Taldea aurten igo da eta hurrengoan Emakumezkoen Urrezko Ohorezko Mailan jokatuko du. 2024-2025 denboraldian ermuarrak Nafarroako formazio horrekin jokatuko du, atzotik 2025eko uztailaren 1etik ekainaren 30era bitartea konprometitu baita.

Federazioaren banakako sari hori Errotabarri E.K.E.n egindako bederatzi urteko ibilbidearen ginga da, bertara ikastetxeko eskola-kiroletik iritsi baitzen Ongarai Eskolarekin. Errotabarrik eskerrak eman zizkion bere agur oharrean orain aste batzuk atzera bere fitxaketa publiko egin zenean.

Bizkaiko Eskubaloi Federazioak Errotabarri Euskadi talde kadeteei eta Errotabarri Urdina kadeteei, euren ligetako talde txapeldunei, sariak eman zizkien baita ere ostiralean, batzar orokorraren ostean.