Amorebieta-Etxanoko Udalak ostiral honetan, ekainaren 28an, eman du ezagutzera aurtengo jaietako irudia izango den kartela. El Jueves aldizkariaren zuzendaria den Igor Fernandez zornotzarra da obraren egilea.
“Kartelaren enkargua jaso nuenean berehala erabaki nuen komiki itsura ematea; batetik, eroso sentitzen naizelako esparru horretan,eta bigarrenik, -Amorebieta-Etxanoko jaiak 2024 Karmenak eta Santanatxu, Uztailak 15-27- bezalako testu luze bat eraman behar zuenez kartelak informazioa binetetan banatzea izan zitekeela modurik onena eta eraginkorrena pentsatu nuen; eta binetak egiteak, gainera, eszena ezberdinak irudikatzeko aukera eskaintzen zidan” azaldu du kartelaren egileak.
Ez da Fernadez jaietako kartela egiteaz arduratzen den lehen aldia “2006an jaietako kartela ere egin nuen, eta kasu hartan Zelaieta zentroa, Aretoa edo Patata bezalako eraikin eta eskulturetan oinarritu nintzen. Horregatik, oraingoan nahiago izan dut festetan egiten diren jardueretan zentratu, hala nola danborradan, txupinazoan, marmitako lehiaketan… Gainera, Zorhontzaren pertsonaia sartu beharrak hari gidari moduko bat eman dit, bineta guztietan agertzen da gauza desberdinak eginez”, adierazi du.
“Ikastetxeetako ikasleek aurtengo jaietako irudia sortzeko prozesuan nolabait parte hartzeko ideia ere izan nuen. Jaietako 23 jarduera tipikoen zerrenda egin genuen, eta 23 marrazki egin genituen. Horietan, Zorhontza pertsonaia agertzen da atzealde zuri batean, ikasleek inguruan gertatzen den gainerako eszena marraztu ahal izateko. Marrazki horiek jaietako egitaraua ilustratzeko ere erabiliko dira “, gaineratu du.
Kartela, beraz, tradizioei lotua eta elkarlanean egina, dagoeneko ate joka ditugun jaiak iragartzeko.