Urtero bezala, Ermuko Udalak bat egingo du bihar ospatuko den eta kolektiboaren eskubideen, aniztasunaren eta askatasunaren defentsak markatzen dituen LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunarekin.

Egun hau ikusarazteko eta pertsona guztientzako eskubide eta askatasun berdintasuna eskatzen jarraitzeko, edozein delarik ere haien sexu orientazioa edo genero identitatea, Ermuak pankarta berri bat jarri du Orbe Kardinala plazako kioskoan, Ekainaren 28a, Sexu Aniztasunaren eta Askatasunaren eta LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna lelopean.

Gaur osteguna, ekainak 27, Jabekuntza Eskolaren ekintzen artean, Alejandro Marín zuzendariaren Te estoy amando locamente filmari buruz eztabaidatu eta hausnartuko da, eta jarduerarako plaza guztiak bete dira jada.

Jarduera honetaz gain, Ermuko Emakumearen Topalekuak Emakumeak eta LBT+ Literatura erakusketa antolatu du. Aniztasunaren Aldeko Emakumeak elkarteak prestatu du erakusketa, eta bere helburua da kolektiboarekin lotura estua duten gaiei buruz idatzi duten egile lesbianak, bisexualak eta transak ikusaraztea, erreferenteak izanik eta gizarte osoagoa, askotarikoagoa eta berdintasunezkoagoa sortzen lagunduz.

Erakusketak 11 herrialdetako 27 emakume lesbianen, bisexualen eta transen bizitzak biltzen ditu. Emakume horiek garrantzitsuak dira beren lanetan identitate, orientazio eta adierazpen sexual-generikoen aniztasuna lantzeko bizipenak, pentsamenduak eta ideiak erakusteko. Horrela, hainbat paneletan zehar, Gloria Fuertes, Frida Kahlo, Virginia Woolf, Camila Sosa, Elizabeth Duval, Valeria Vegas edo Patricia Highsmith aurkituko ditugu, besteak beste.

Erakusketa uztailaren amaierara arte bisitatu daiteke Emakumearen Topalekuko ohiko ordutegian.

Bestalde, Udal liburutegiarekin lankidetzan, irakurketa-gida argitaratu da ekainaren 28rako bereziki aukeratutako materialekin. Argitalpenak helduentzako bederatzi liburu didaktiko, sei eleberri eta lau komiki, gazteentzako lau liburu, haurrentzako lau lan, bi film, bi bideo eta hiru abesti biltzen ditu. Liburu guztiak Euskadiko Irakurketa Sare Publikoan eskuragarri daude, eta Udal liburutegiaren bidez eska daitezke.