Abanto Zierbenak bat egingo du LGTBIQ+ kolektiboaren Harrotasunaren Nazioarteko Egunarekin
Abanto Zierbenako Udalak egitarau berezia prestatu egin du, urtero bezala, ostiral honetan ospatuko den LGTBI kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta. Horretarako, hainbat jarduera antolatu ditu.
Abanto Zierbenako Udalak kolektiboaren eskubide eta askatasunen aitorpenean egindako aurrerapenak ospatuko ditu hainbat ekintzen bidez, Udalak aniztasunaren ikuspegitik eskubideekin eta elkarbizitzarekin duen konpromisoa adierazteko. Era berean, herritarrei gonbit egiten diegu konpromisoarekin bat egin dezaten eta bidegabekerien aurka eta aniztasunaren alde ozen mintza daitezen; izan ere, ekintza kolektiboaren bidez bakarrik lor dezakegu benetako aldaketa iraunkorra bultzatzea. Jardunaldiak egindako ibilbidearen eta benetako berdintasuna lortzeko oraindik egiteke dagoenaren oroigarri gisa balioko du.
Jakin badakigu sexu- eta genero-aniztasunaren onarpen soziala gero eta handiagoa dela, hein batean, euskal gizarte osoaren elkarlanari esker. Hala ere, oraindik ere lortutako aurrerapenetan atzerapausoak adierazten dituzten diskurtso LGTBIfobikoen berri kezkagarriak agertzen dira. Hortaz, funtsezkoa da gizarte gisa erne eta tinko egotea lortutako eskubideen defentsaren alde, eta sexu- eta genero-aniztasunaren duintasuna eta horiekiko errespetua gutxiesteko saiakera oro gaitzestea.
Abanto Zierbenako Udalaren Berdintasun arloak ekainaren 28an eta uztaila osoan zehar egingo diren hainbat ekintza eta jarduera antolatu ditu, herritarrek parte hartu eta LGTBIQ+ kolektiboarekiko elkartasuna adieraz dezaten.
Alde batetik, gaur, ekainaren 27an, osoko bilkuran onetsitako adierazpena zabalduko da, Berdindu!k egina (Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu publikoa, sexu- eta genero-aniztasunarekin zerikusia duten gaiei buruzko informazioa ematen duena). Adierazpenean Udalak konpromisoa hartzen du eta solidario agertzen da LGTBIQ+ kolektiboarekin. Gainera, Berdintasun arloko zinegotzi Alazne Zenekortak auzokide guztiak gonbidatu ditu beren leiho eta balkoietan kolektiboaren koloretako bandera harro astintzera. Bandera lortutako eskubideen babesaren ikurra da, bai eta gizarte aske eta anitza lortzeko aurrera egiten jarraitzeko elkartasuna eta bultzada ere.
LGTBIQ+ kolektiboaren bandera jarriko da Abanto Zierbenako udaletxeko balkoian. LGTBIQ+ kolektiboa ikusgarri egin eta horri buruz sentsibilizatzeko puntua egongo da Santa Luzia jaien txupinazoan, ekainaren 28an, 18:00etatik 22:00ak arte, Pilar Abín plazan. Puntuan kolektiboari buruz zabaldu diren mitoei eta horiek gezurtatzen dituzten argudioei buruzko informazio-diptikoa banatuko da, komunitatearen errealitatea ezagutarazteko. Horretaz gain, photocall bat instalatuko da, kuadrilla eta familiek argazkiak atera eta unea betikotu dezaten, aniztasuna jai-giroan azpimarratuz.
Era berean, ekainaren 28tik uztailaren 12ra arte sexu- eta genero-aniztasuna ospatzen duten kartelen lehiaketa egingo da. Adin nagusikoek parte hartu ahalko dute, eta honako irizpide hauei jarraitu beharko zaie kartelak egiteko: identitatearen eta sexuorientazioaren aniztasuna adierazten duen diseinua eta leloa egitea, eta ezingo dira diskriminaziozko irudiak edo hizkera erabili. Lanak Herritarren Arreta Zerbitzuan entregatu beharko dira, 07:30etik 14:30era arte. Bozkatzeko epea uztailaren 15etik 29ra artekoa izango da, eta telematikoki bozkatuko da, herri-epaimahai baten bidez. Horretarako, diseinuak ikusgai egongo diren esteka edo QR kode batera sartu beharko da, eta diseinuak webgunean egongo dira ikusgai. Uztailaren 30ean kartel irabazlea ezagutaraziko da eta saria entregatuko da; sari bakarra egongo da, kasu honetan, tableta bat.
Era berean, Hezkuntza arloak antolatutako jarduera irekietan lagunduko da. Jarduera horiek adingabeei zuzenduta egongo dira, aisialdian eta denbora librean aniztasuna zeharka lantzeko. Honako egun hauetan egingo dira: uztailaren 15, 16 eta 17an Sanfuentesen; uztailaren 18, 19 eta 20an Gallartan; eta uztailaren 23, 24 eta 25ean Las Carrerasen.
“Amaitzeko, gogorarazi nahi dugu LGTBI eskubideen aldeko borroka guztion borroka dela. Ezin diegu gorrotoari eta tolerantziarik ezari gailentzen utzi. Gaur, inoiz baino gehiago, gure aniztasunean bat egin behar dugu, guztiok duintasunez, errespetuz eta aske bizi garela bermatuko duen etorkizuna elkarrekin ospatuz eta hori lortzeko lan eginez” adierazi du Berdintasun arloko zinegotzi Alazne Zenekortak.