2006az geroztik, kaleko musikari eskainitako nazioarteko jaialdi garrantzitsuenetako bat bilakatu da Haizetara. Herriko kaleak eta plazak ikusleen eta musikarien arteko harremana zuzena den eszenatoki bihurtzen dira, musika ziklo handiekin batera egon ohi diren artifizio eta gehigarririk gabe. Hiru egunez, Kaleko Musikaren Nazioarteko Lehiaketaren edizio berri bat hartuko du Amorebieta-Etxanok eta hitzorduan nazioarteko talde onenek hartuko dute parte ekitaldian, herriko kaleak eta plazak soinuz eta kolorez betez.

Aurten, 51 bandak eman dute izena, eta horietatik bederatzi baino ez dira aukeratu lehiaketan parte hartzeko. Partaideek funk, folk, balkanetako musika, diskoa, rocka, elektronika eta erritmo latinoak jorratzen dituzte. Hiru egunez, jokoan dauden hiru sarietako bat eskuratzeko lehiatuko dira: Talde Onenarena eta Instrumentista Onenarena (epaimahai profesionalak emandakoak eta 15.000 eta 1.000 eurokoak, hurrenez hurren) eta hirugarren sari bat ere egongo da: herritar zornotzarrak eta egunotan Amorebieta-Etxanora hurbiltzen direnek www.haizetara.eus webgunearen bidez bozkatu ahal izango dute talde irabazlearen alde; Publikoaren Saria irabazten duen taldeak 4.000 euroko saria jasoko du. Sari banaketa Zelaieta parkean izango da ekainaren 23an eguerdiko 13.00etan.

Fanfarren topaketa Baina lehiaketaz haratago egitaraua oso zabala izango da eta aurreko edizioetan bezala, talde gonbidatuak ere arituko dira. Hain zuzen ere, Euskal Herriko fanfarren eta txarangen topaketa ospatuko da eta, besteak beste, Sugarri, Sama Siku, Ustekabe, Kalean, Joselontxos, Igandea eta Zornotzako Musika Banda / Gaztedi Barria fanfarria Haizetara Jaialdiaren parte izango dira.

Egun bakotzeko programazioa eta ordutegiak webgunean eskuragarri daude.

Haizetara 2024