Kultur eskaintza oparoa dakar Elorrioko Musikairek uztaileko asteburuetarakoELORRIOKO UDALA
Kanpai-hotsak bezala, uda Elorrion Musikaireren sinonimoa da eta, beste behin ere, musika, dantza eta pailazo ikuskizunen topaleku izango da. Zehazki, uztailaren 5etik 28ra jaialdiaren edizo berri bat hartuko du Elorriok eta Herriko Plaza, Lariz Jauregia, Arespakotxaga lorategia eta Aldapabeitia agertoki bereziak bilakatuko dira uztaileko asteburuetan. “Musikaire erreferentziazko jaialdia bihurtu da, urteen poderioz gero eta ezagunago eginaz. Publiko fidela lortu du eta sarri jendea ikusiko duenaren gutxi gorabeherako batekin etortzen da, egitarauan konfiantza osoa izanda”, azpimarratu zuen Itsaso Basauri Elorrioko Udaleko Kultura Jai eta Gazteria zinegotziak.
Joan den ostiralean emandako prentsaurrekoan, Musikaire 2024 jaialdiaren xehetasun guztiak eman zituzten, Julene Lazkano Elorrioko alkateak, Itsaso Basauri Kultura Jai eta Gazteria zinegotziak eta Aitor Iriarte Musikaireren antolatzaileak. “Bertako taldeak izango ditugu, baina baita Peru, Mexiko edota Marokokoak ere. Gainera, emakumeek presentzia handia dute kartelean” aurreratu zuen Iriartek. Eta Musikaire sortu zuteneko erronka ere ekarri zuen gogora. “Kultura Elorrion ohitura bihurtzea zen helburua, eta asmatu dugulakoan gaude, hilabete osoan zehar luzatzen den egitarau anitzarekin”, gehitu zuen.
Gauzak horrela, 12 ikuskizun izango dira eta besteak beste, ez dute hutsik egingo bi klasikok, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek eta Dantza Garaikideak. Musikarien aldetik, izenen artean daude Tapia eta Leturia Band, Olaia Inziarte edota Sara Azurza. Eta estiloei dagokionez, jaialdiak Salsa afrobeat, Trikiti, Flamenko, Jazz, Pop, Jazz, Blues edo Rock aniztasun handia izaten jarraituko du.
Egitaraua
Aurtengo programazioari dagokionez eta batzuk aipatzearren, irekiera uztailaren 5ean izango da, gaueko 22:30ean Elizpean, Tapia eta Leturia band taldeak eskainiko duen emanaldiarekin. Agertoki eta ordutegi berdina izango du hurrengo eguneko ikuskizunak, Marinah abeslariaren kontzertuarekin. Hamar urtez Ojos De Brujo talde katalanaren abeslaria eta irudi nagusia izan zenaren proiektu musikal berria. Musikaireren lehen asteburua Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin itxiko da. Ez gara jaitsiko ikuskizuna 19.00etan izango da, Elizpean.
Egitaraua uztailaren 12an itzuliko da, Lariz Jauregian gaueko 20:30ean, Los 300 proiektu sortzaile artistikoarekin, non bere hiru musikariek soinu-ezaugarri ezberdinak eta mugagabeak ikertzen dituzten, eta jazza, erritmo latinoak, funka, boogalooa eta elektronika organikoa soinu nagusiak direlarik.
Hilaren 13an, 20:30 ean, Lariz Jauregian, Tarwa N-Tiniri musikari gazteak izango dira. Tarwa N-Tiniri, amazigh hizkuntzan “basamortuko seme-alabak” esan nahi du. Marokoko hegoaldeko Ouarzazate hiritik datoz eta soinu tradizionalak beste soinu modernoagoekin elkartzen dituzte, hala nola, jazza, reggaea, eta batez ere, basamortuko bluesaren soinuarekin, eragina Tinariwen, Tamikrest eta Bombino musika talde ezagunetatik jasotzen dutelarik.
Uztailaren 14an, berriz, Olaia Inziarte musikari nafarraren kontzertua izango da; 20:30ean hasiko da Lariz Jauregian.
Programazioa www.musikaire.eus webgunean eskuragarri dago.
Laburrean
Musikaire 2024. Uztailaren 5etik 28ra Musikaireren edizo berri bat hartuko du Elorriok
Agertokiak. Herriko Plaza, Lariz Jauregia, Arespakotxaga lorategia eta Aldapabeitia agertoki bereziak bilakatuko dira uztaileko asteburuetan.
12 ikuskizun. Ez dute hutsik egingo Pirritx, Porrotx eta Marimototsek eta Dantza Garaikideak. Musikarien aldetik, izenen artean daude Tapia eta Leturia Band, Los 300, Olaia Inziarte edota Sara Azurza.