Datorren larunbatean, ekainaren 15an, goizeko 10:00etatik eguerdiko 13:00ak arte, Ibaizabal errekan garbiketa lanetan boluntario bezala parte hartzeko aukera eskainiko du Amorebieta-Etxanoko Udalak. Denbora horretan hiru txanda egingo dira, ordubetekoa bakoitza, eta edonork har dezake parte. Hori bai, hamar urtetik beherako umeek heldu batez lagunduta joan behar izango dira.
Garbiketa lanak zehazki Nafarroa aparkalekuko eremuan egingo dira, 25-30 lagun inguruko taldetan banatuta. Pertsona bakoitzak kakoak eta eskularruak izango ditu zaborrak biltzeko. Material hori, noski, Udalak jarriko du. Zornotzarrek, arropa erosoa eta bereziki ondo pasatzeko grina eta ingurumenaren zaintzan laguntzeko gogoa besterik ez dute behar.
Hori horrela, Amorebieta-Etxanoko Udalak herritarrak animatzen ditu parte-hartzera eta elkarlanean ingurumenaren zaintzaren alde urrats bat ematera. Parte hartzeko ezinbestekoa da aurrez izena ematea letcleanupamorebieta2024@gmail.com helbidera idatziz.
'Let's clean up' Euskadi
Garbiketa lanak Let’s clean up Euskadi ekimenaren batan daude kokatuta. Ekimen hau ‘Let’s Clean Up Europe!’ ekimenetik sortu zen, Hondakinak Prebenitzeko Europako Astean (EWWR) sustatu ostean, ingurunean garbiketa-ekintzak eginez herritarrak sentsibilizatzeko. Europa osorako ekintza komuna da, kontrolik gabe naturara botatzen diren hondakinen kopuruaz kontzientziatzeko eta sentsibilizazio-ekintzak sustatzeko legearen kontra baso, hondartza, ibai-bazterretara eta abarrera botatako hondakin horien bilketaren bitartez.
Hala, Amorebieta-Etxanoko Udalak, ingurumenarekiko apustuan, ekimen honetara batu da eta garbiketa lanei ekingo die, ibai bazterra txukun eta garbi mantentzeko eta bide batez, herritarrak, bereziki ibai ekosistemetan dagoen plastikoaren arazoaren inguruan kontzientziatzeko.