Jon Arretxe idazlearen 'Ostegunak' narrazio liburua izan da azken urtean Ermuko udal liburutegian gehien irakurri den euskarazko liburua. Hori dela eta, autoreak jaso egingo du Ezekiel Etxebarria literatura saria.
Idazlea omentzeko eta bere lana eskertzeko modu bat izateaz gain, irakurleek eurek saria ematea da garrantzitsuena, nolabait irakurlea eta idazlearen artean zubia eraikitzen baita. Oraingo honetan, ekitaldia ekainaren 5ean izango da, arratsaldeko 7etan, Kaltxango AEK euskaltegian (Zearkale 16). Orduan aukera izango dugu Idazlearekin berba egiteko eta liburu honen zein bere ibilbide oparoaren inguruan jarduteko.
Ezekiel Etxebarria idazle eta apaiz ermuarraren izena daraman saria duela hamabost urte sortu zen eta orain artean Jon Maiak, Karmelo Jaiok eta Kirmen Uribek bi bider, Irati Jiménezek, Katixa Agirrek, Antton Irustak, Eskarne Mujikak, Ladrón Aranak, Jasone Osorok, Marc Armspach "Marko"-k, Amets Arzallus/Ibrahima Baldek. Esther Lopez Epelde eta Fernano Morillo jaso dute.
Sari honek herrian izan dugun Ezekiel Etxebarria idazlea gogoratzeko eta berak Ermuan egindako lana aitortzeko asmoa ere badu. Ezekiel Etxebarria XIX. mendean Ermuan bizi zen eta bertako apaiz izan genuen 56 urtean. Bere euskaltzaletasuna oso agerikoa zen eta hainbat bertso idatzi zituen, non herriko orduko ohituren berri ematen digun. Gainera, ugariak dira erlijio gaiak, ahoz aho transmititu diren gabon-kantak eta herriko jaun eta lagunei eskainitako bertsoak, besteak beste, On Juan Valdespinako markes jauna, Julian Gayarre, Domingo Iturraran, Jose Iraegi... eta beste hainbati. 1996an, Ermuko abade etxean aurkitu ziren bertso-paper hauek guztiak “Ermua eta Eitzako euskara” liburuan jaso ziren eta argia ikusi zuten. Baina bertso hauek ez dira berak egindako lan bakarra, 1899an Durangon “Etimologías vascongadas o sea, Ensayo sobre interpretación y reconstrucción del Vocabulario Vascongado” ere plazaratu zuen; loregintza eta ortuarien inguruan ere zaletasun aparta zuen eta hainbat eta hainbat artikulu jasoak ditu. Ezekiel Etxebarria, herrian “Abadetxikia” goitizenez ezaguna, Ermuan hil zen 1925eko abuztuaren 25ean.