Urtero bezala, dagoeneko denboraldi amaierako futbol txapelketa tradizionala den Athleticek antolatutako AC Cup delakoa ospatuko da aurten ere bai, ekainaren 5etik 9ra bitartean. Hainbat lekutik etorritako haur eta gaztetxo ugarik hartuko dute parte. Aurten, nobedade gisa, Galdakaoko Santa Barbara eta Elexalde futbol zelaiak izango dira txapelketaren egoitza.

Kirola eta tradizioa uztartzen dituen lehiaketa honetan 10 eta 16 urte bitarteko 4.000 futbolari inguruk parte hartuko dute, alebin mailatik kadete mailarainokoak. Partidak Futbol 7 eta Futbol 11 modalitateetan jokatuko dira. Bizkaitik ez ezik, Euskal Herri osotik, Frantziatik eta Espainiako estatuko hainbat autonomia erkidegotik etorritako dozenaka taldeetako kirolariak arituko dira lehian Galdakaon, eta baita Bizkaiko beste futbol zelai batzuetan ere, tartean Lezaman eta San Mamesen. 

Txapelketa ekainaren 5ean (asteazkena) hasiko da tokiko taldeentzat eta 7an (ostirala) nazioarteko taldeentzat. Egun berean, ekainaren 7an, torneoaren inaugurazio festa ospatuko da San Mamesen. Bertan, taldeek desfile batean parte hartuko dute, geroago jai giroaz gozatzeko. Bertan, musika emanaldiak, argien ikuskizuna eta iragarriz joango diren ezusteko gehiago izango dira.

Egutegi osoa, emaitzak, sailkapenak, estatistikak eta egoitzetako informazioa zuzenean kontsultatu ahal izango dira AC CUPen aplikazio ofizialean. Finalak eta txapelketaren itxiera ekainaren 9an, igandean, izango dira San Mamesen eta Athletic-en Lezamako instalazioetan.