Larunbat honetan hasi eta hurrengo hiru asteburuetan zehar, tokiko ostalaritza sustatzea helburu duen Udaberriko Pintxo Ibilbidea egingo da Galdakaon. Hala, hiru asteburu horietan, galdakaoztarrek zapore guztiak dastatu ahal izango dituzte herriko ostalaritza-establezimenduetan.

Ekimena eguneratuta egongo da, edozein kasutan, eta udazkenean egiten den Pintxo Lanpernaren ezaugarri nagusia onddo eta perretxikoen presentzia bada, udaberrian egingo den lehiaketan librea izango da osagaien aukeraketari dagokionean. 

Gu Dendariko ostalariek, herriko beste ostalari batzuekin batera, beraien sektoreari bultzada emateko ekintzak antolatu dituzte. Sektorea ahalik eta antolatuen eta batuen egotea balio erantsia baita herriko ostalaritzarako. Ildo honetan antolatu dituzte ostalaritza eta gastronomia batzen dituzten pintxo-lehiaketak. 

Ostiral honetan bertan emango zaio hasiera lehen lehiaketari, Udaberriko lehen Pintxo Ibilbideari, eta hiru asteburutan egongo da martxan: maiatzaren 24ko asteburuan, 31koan eta ekainaren 7koan. Ostiraletako ordutegia 19:00etatik 23:00etara izango da; larunbatetakoa, 12:00etatik 15:00etara eta 19:00etatik 23:00etara; eta igandetan, 12:00etatik 15:00etara.

21 dira parte hartuko duten tabernak eta bezeroek aukera izango dute taberna bakoitzak aurkeztuko duen pintxoa aurrez ezagutzeko. Eskuorri batean erakutsiko da taberna bakoitzaren eskaintza, argazki eta guzti. Bestetik, herritarrak Galdakaoko gune diferenteetara mugitu daitezen, 4 zonaldetan sailkatuko dira lehiaketan parte hartuko duten tabernak. Bezeroek hainbat sariren zozketan parte hartzeko aukera izango dute, eta, horretarako, 4 zonaldeetako zigiluak jaso beharko dituzte. 

Udazkenean berriz, urteroko hitzordu bihurtu den Pintxo Lanperna egingo da, herriko mikologiaren tradizioa eta ostalaritza uztartzen dituen pintxo lehiaketa. Aurten, berritasun gisa, Galdakaoko Ostalaritza Eskolaren eskutik pintxo ikastaroak berreskuratuko dira, herriko barretako gastronomiaren maila hobetzeko asmoz.

Pintxo lehiaketa bietan, ohikoa den bezala, hainbat sari egongo dira parte hartzaileentzat eta bezeroentzat.