Ostiral honetan, maiatzaren 3an, iluntzeko 20:30etik aurrera, Ermua Antzokiak Mi madre también quiso ser pez antzezlana jasoko du. Ekitaldi berezia izango da, Paula Prol ermuarrak zuzentzen baitu obra. Sarrerak 8 euroan daude salgai Lobiano Kultur Gunean, Kutxabanken webgunean eta, ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagotik, Ermua Antzokiko leihatilan.

Antzezlanak Paula Prol berak eta Maialen Marín durangarrak antzeztutako bi lagun ditu protagonista. Horietako bat ama izan berri da, eta bere lagunaren lehen bisita jaso du, haur jaioberriari besoetan eusten dion bitartean. Ba al dago haurrak mundura ekartzea baino gauza itxaropentsuagorik? Samurtasunetik, nostalgiatik, gogaitasunetik, festatik eta basakeriatik abiatutako bidaia izango da hau. Ama izateko edo ez izateko gatazkaren bidez kontatzen den itxaropenaren aldarrikapena, galzorian dugun mundu honetan. Oraina, etorkizuna eta nekea gora-behera, gure gogoz kontra, aurrera jarraitzeko itxaropena.

Mi madre también quiso ser pez lanak Paula Prolen Arte Dramatikoko Goi Mailako Ikasketetako Gradu Amaierako Lanean du jatorria. Mendebaldeko amatasunaren, gaur egungo jaiotza-tasa baxuaren eta gaur egungo antzerki testualaren inguruko ikerketa baten emaitza gisa sortu du ermuarrak obra hau, eta 2022an antzeztu zen lehen aldiz Ermua Antzokian. Orain taularatuko den produktuak, ordea, ez du zerikusi handirik antzezpen harekin; izan ere, komedia dramatiko bihurtu da, musikarekin eta publikoarekin zuzeneko interakzioekin. Paula Prol eta Maialen Marín aktoreek Albar Cirarda zuzendari laguntzailea ere izango dute alboan.