Amorebieta-Etxanoko Udalak 400.000 euro inguruko aurrekontua bideratuko du udalerriko erdigunean kokatuta dagoen El Carmelo parkea berritzeko. Lanak udan hasiko dira, eta bost hilabeteko iraupena izango dute. Orain gutxi, espazioaren lagapena jaso du Udalak eta horri jarraiki, helburua da parkea eraberritzea, espazio hori udal-parkeen sareari gehitzeko eta zornotzarrei espazio publiko berri bat eskaintzeko.

“Amorebieta-Etxano berdea da izatez, lorategi eta berdegune ugari ditu eta gure auzoen inguruan hazten da. Orain, El Carmelo Parkearekin espazio hori Amorebieta-Etxanoko gerriko berdeari gehitu nahi diogu, zornotzarrek gozamenerako beste berdegune bat izan dezaten”, adierazi du Ainhoa Salterain alkateak.

Gaur egun, parkeak bi sarrera nagusi ditu eta ikastetxeari lotutako ordutegiaren araberako sarbidea du. Ibilbide nagusi bat du, zuhaitzez eta heskaiez inguratuta, baina gaur egun irisgarritasunari eta erabilerari lotuta dituen gabezia zein beharren jakitun, horiei irtenbidea emateko proiektu bat gauzatu du Amorebieta-Etxanoko Udalak.

Parkearen konexioan eta oinezkoentzako irisgarritasunean oinarritutako hobekuntzak

Espazioaren konektibitatea eta irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin, proiektuak hiru sarbide berri eraikitzea jasotzen du: bata Carmen kaletik eta beste biak Betarraganeko aparkalekutik, horietako bat guztiz irisgarria izanik. Sarrera horiek lehendik dauden biei gehituko zaizkie, eta guztira bost sarrera izango ditu parkeak, eremu berdearen barruan oinezkoen fluxua errazteko.

Oinezkoentzako bi ibilbide nagusi ezarriko dira: ipar-hegoaldekoa, aparkalekua Kalbario plazarekin lotzeko diseinatua, eta mendebalde-ekialdekoa, Carmen kalea aparkalekuarekin lotuko duena. Bi bideak hormigoi inprimatuz eta granitozko zintarriez delineatuta egongo dira. Egonlekuek zoladura dekoratiboa izango dute, igarobideak eta atsedenlekuak bereizteko.

Berdegunea kontserbatzea, lehentasunezkoa

Egun dagoen landaredia kontserbatzea lehentasunezkoa da, horrenbestez zuhaitzak parkearen diseinuan txertatuko ditu Udalak, bere izaera berde eta lasaia mantentzeko. Gainera, hiri-altzari modernoak eta argiztapen-sistema eraginkorra jarriko dira, parkearen segurtasuna, jasangarritasuna, efizientzia eta estetika hobetzeko.

Obrak udan hastea aurreikusten da, eta 400.000 euro inguruko aurrekontua eta 5 hilabeteko exekuzio-epea izango ditu. Proiektu honek El Carmelo Parkea espazio publiko gisa biziberritzeaz gain, Amorebieta-Etxanoko espazio sozial eta berdea ere indartuko du, Udalak zornotzar guztientzat ingurune jasangarri eta irisgarriak sortzeko duen konpromisoa berretsiz.