Udalerriko eraginkortasun energetikoa hobetze aldera, Amorebieta-Etxanoko Udalak Sabino Arana kaleko eta Enrike Renteria pasealekuko argiteria berritu egin du. Apustu horri helduta, datorren hilean Larrabarrenako eremuan gauza bera egingo du Udalak.

Kontsumoa optimizatzeaz haratago, hobekuntza horien guztien helburua da energia-eraginkortasuna hobetzea, baita segurtasuna hobetzea ere, bereziki jende gehien dabilen eremuetan, guztia Udalaren ingurumen-politikekin lerrokatuta, jasangarritasunaren mesedetan. Gainera, hobekuntza horietako batzuek zornotzarrek egindako eskaerei erantzuten diete, haien ongizatea eta bizi-kalitatea ere hobetuz.

LED argiak Sabino Arana eta Enrike Renterian

Sabino Arana kalearen eta Enrike Renteria pasealekuaren hobekuntzen bitartez, gaur egun bi eremu horietan dauden 150 w-ko metalezko halogenurozko luminaria guztiak 60w-ko LED argi berriengatik ordezkatu dira. Aldaketa horrekin, nabarmen murriztu da energia-kontsumoa, bide zein oinezkoentzako guneetako argiztapena hobetu da eta inguruko argi-matxurak murriztea lortu da bi eremuetan.

Sabino Arana kalearen kasuan, hobekuntzak Ibaizabal ibaiaren gaineko zubitik geltokiraino doaz. Udalak, guztira 83.863,29 €-ko inbertsioa egin du bi eremuetako argiztapena hobetzeko.

Maiatzean, hobekuntzak Larrabarrenan

Aipatutako bi eremu horietako argiztapena berritzeaz gain, datorren hilaren erdialdetik aurrera, Amorebieta-Etxanoko Udalak Larrabarrenako argiteria hobetzea ere aurreikusten du. Lanek bi asteko iraupena izango dute eta guzira 150w-ko 23 luminaria 49w-ko potentzia duten LED argiengatik ordezkatuko dira. Amorebieta-Etxanoko Udalak 17.891,63 € bideratuko ditu lan horietara.

Ekintza honekin Larrabarrenako instalazioan energia elektrikoaren kontsumoa murriztuko da eta inguruko argiztapena ere hobetuko da.