Urtero bezala, Amorebieta-Etxanoko Udalak martxan jarriko du aurten ere bai herriko haur eta gazteei bideratutako udako aisialdirako programen edizio berri bat. Zornotzarrek hiru aukera izango dituzte uda honetan: Udalekuak, Gauero Udan eta Musika Udalekuak. Dagoeneko zabalik dago izena emateko epea.

Udalekuak 2024

2020tik 2013ra bitartean jaiotako haurrei zuzenduta, Udalekuak 2024 ekimenaren nahia da herriko txikienei udan zehar gozatzeko eta ikasteko aukera eskaintzea. Interesa duten pertsonek lau asteren artean aukeratu ahal izango dute parte hartzeko: ekainaren 24tik 28ra, uztailaren 1etik 5era, uztailaren 8tik 12ra eta uztailaren 15etik 19ra. Gainera, familien beharretara egokitutako bi ordutegi mota daude aukeran: A txanda 09:00etatik 13:00etara, asteko 51,50 euroko kostuarekin; eta B txanda, jantoki zerbitzuarekin eta ordutegi zabalagoarekin, 09:00etatik 15:00etara, asteko 77,25 euroko kostuarekin. Kasu bietan zaintza zerbitzua eskaintzen da 8:00etatik 9:00etara doan. Izen-ematea apirilaren 21era arte egongo da zabalik, eta Gazte Informazio Bulegoan zein udal webguneko Izen-emateak atalean egin ahal izango da.

Gauero Udan 2024

Bestalde, Gauero Udan 2024 programa 2009 eta 2012 artean jaiotako gazteei dago zuzendua, eta helburu du oporraldian aisialdirako eta entretenimendurako espazio bat eskaintzea. Programa ekainaren 24tik uztailaren 5era bitartean garatuko da, 09:00etatik 14:00etara. 123,50 euroko prezioarekin, Gauero Udan nerabeek uda aktiboaz eta esperientzia berriez gozatzeko aukera paregabea da. Izena emateko epea apirilaren 21ean amaitzen da, eta prozesua aurrez aurre bete daiteke Gazte Informaziorako Bulegoan eta online udal webguneko ‘Izen-emateak’ atalean.

Musika Udalekuak

Udalekuak 2024 eta Gauero Udan udalekuez gain, Amorebieta-Etxanoko Udalak Musika Udalekuak ere antolatu ditu, azken hauek 6 eta 14 urte bitarteko haur eta nerabeei zuzenduta (2010-2018 urte bitartean jaioak).

Musika Udalekuak uztailaren 8tik 12ra ospatuko dira, goizeko 09:00etatik 17:00etara. Izen ematea, ordea, dagoeneko zabalik dago, apirilaren 21a bitarte. Horretarako, interesdunek ondorengo esteka bete behar dute. Plaza mugatuak direnez, izen-emate ordena errespetatuko da eta lehentasuna izango dute Amorebieta-Etxanoko egoiliarrek.

Plazen esleipena apirilaren 26ean komunikatuko da email bidez eta behin baieztapena jasota, ordainketa maiatzaren 1tik 12ra egingo beharko da (85€ jantokia barne). Epea igarotakoan, konfirmazioa eta ordainketa egiten ez badira, plaza galduko da.