Ekainaren 21etik 23ra bitartean, 12 nazionalitatetako 51 taldek hartuko dute parte Amorebieta-Etxanon ospatuko den Haizetara Kale Musikarien Nazioarteko Lehiaketan. Estatuari dagokionez, 13 probintziatako hautagaitzak jaso ditugu: Tenerife, Barcelona, Madrid, Jaén, Gipuzkoa, Valencia, Segovia, Valladolid, Palencia, Navarra, Albacete, Zaragoza eta Bizkaia.

Nazioarteko bederatzi banda

Lehiaketan parte hartuko duten bederatzi bandak ekainaren 21ean aurkeztuko dira, 19:00etan, Zelaieta Parkean, eta guztiek hainbat ikuskizun eskainiko dituztela Amorebieta-Etxanoko kaleetan. Hiru eguneko lehiaketan, talde bakoitzak 4 kontzertu eskainiko ditu herriko hainbat tokitan, eta ekaiaren 23an sari-banaketak emango dio amaiera 13:00etan lehiaketari. Honakoak dira Amorebieta-Etxanon izango ditugun bandak:

  • Tenampa Brass Band (Mexiko) Tenampa Brass Band, Mexikoko kaleko musika banda da. 7 musikariz osatuta dago eta hainbat ekitaldi eta jaialditan hartu dute parte. Tenampa Brass Band ezaguna da bere energia kutsakorragatik, errepertorio anitzagatik eta entzuleekin elkarreragiteko trebetasunagatik, izan ere, jai giro paregabea sortzen dute. Tronpetak, tronboiak, saxofoiak, tuba eta perkusioaren bidez, erritmoz beteriko ikuskizuna ematen dute.
  • Orchestre National du Jahiner (Frantzia) 5 kideko talde frantziar honek originaltasun musikala eta bihurrikeria eszenikoak uztartzen ditu. Instrumentu tradizionalak erabiltzeagatik nabarmentzen dira, konposizio originaletan erabiltzen dituztenak.
  • Brazzmatazz (Belgika) 14 pertsonako musika-banda da, New Orleans eta Balkanetako musikaren eragina duena, soinu elektroniko eta modernoekin uztartuz. Dekorazioa, jantziak eta ikusleak konbentzituko dituen steampunk ikuskizuna eskaintzen dute, kalean zein agertoki handietan. Ganteko Jaialdiko Kaleko Artista Onenaren saria irabazi zuten eta emanaldiak egin izan dituzte Polé Polé, Dranouter, Vooruit, Casino, Bozar, DeSingel,… bezalako jaialdi eta aretoetan.
  • UGS Brass Band (Frantzia). Universal Groov 'Squad Bordeletik zuzenean datozen 6 musikari dira. 2022an jaiotako brass band honek jazz eta punk musika, musika berri freskoa eta konposizio originalak nahasten ditu. Saxofoi tenore batek, tronpeta batek, tronboi batek, tuba batek eta bateria independente batek osatutako 6 instrumentistekin, Brass Band honek Groove mundura eramango zaitu jatorrizko musika euforikoari eta haien kalitateari esker.
  • Llareggub Brass Band (Erresuma Batua) Galesko 9 kideko musika-banda bat da. Galesko musika tradizionala eta New Orleanseko hip hopa, funka eta jazza nahasten ditu. Gales iparraldeko arbel meatzari herrietako musika banden antzinako tradizioa dela eta, Llareggub Brass Band iraganeko errautsetatik azaleratzen da eta metal astunen dosi izugarria dakar berarekin. Bere musikak New Orleanseko musika bandak aldarrikatzen ditu, Bronxen inspiratutako hip hopa eta galesezko pop musika barne harturik. 2015ean Owain Roberts liderrak sortu zuen talde honek estudioko lau album eta EP ugari kaleratu ditu, eta bere arrastoa uzten ari da Galesko zuzeneko banda onena bezala. Bere zuzeneko aurkezpenek sarritan izaten dituzte ahots gonbidatuak: Mr Phormula (Galesko Beatboxing Txapelduna), Lisa Jên (9Bach), Alys Williams (BBCko The Voice), Tara Bethan eta Mared Williams, besteak beste.
  • Pixie & Dixie Band (Espainia) Peñafiel (Valladolid) eta Palentziako musikariz osatua, 1993an hasi zuen bere ibilbidea banda honek. New Orleanseko jatorrizko jazzaren formazio erabat akustiko eta berezkoarekin, bere musikari izaera lotsagabea ematea lortu zuen, eta, horri esker, hainbat emanaldi ematen hasi ziren, kaleko animazioa indargune gisa nabarmenduz. New Orleans, Chicago eta New Yorkeko taldeen soinuak eta musika giroa ekarriko dituzte gurera.
  • Trocamba Matanusca (Espainia) 12 kideko banda instrumentala da, zuzeneko dibertigarria, energiaz betea eta oso dantzagarria duena. 2009an sortu zirenetik, kalidoskopio ozen bat osatzen joan dira, non bat egiten duten fanfarre balkanikoek, folkak, swing edo jazz zertzelada batzuek, klezmer eta skaren leherkortasunarekin. Hiru album argitaratu dituzte, eta zuzeneko oso dinamikoa dute, dantzatzera eta parte hartzera gonbidatzen duena. 360 emanaldi baino gehiago eman dituzte agertoki eta emanaldi ibiltarietan, eta estatu osoko folk eta fusio musikako jaialdietan parte hartu dute. Nazioarteko hainbat bira egin dituzte Portugalen, Erresuma Batuan, Frantzian, Austrian, Finlandian, Italian eta Suitzan.
  • Tamarros (Italia) Disko-musika egiten duten banda bat da. Ileorde afroak, ispiluzko eguzkitako betaurrekoak, kanpai koloreko galtzak eta distira eta lentejuelak erabiltzen dituzte. “Sobreviviré”, “Sex Bomb”, “My Sharona” eta beste hainbat erritmo arrakastatsu eskaintzen dituzte kalez kale. Musikariek, 12 kasu honetan, akustikoan jotzen dute, tronpeta, tronboi, eufonia, saxo baritono, gitarra eta perkusioekin musika banda bat osatuz.
  • New Tocados (Espainia) Kale-animazioko musika-proiektua da, eta kalean egiten diren musika-ikuskizunak ulertzeko modu berritzailea eskaintzen du. Hala ere, txaranga bat baino gehiago da. Umorea eta publikoarekiko interakzioa primeran uztartzen ditu 9 musikariz osatutako talde madrildar honek. Errepertorio musikal anitza eta ondo landua, indartsua eta dinamikoa dute; rocka, musika elektronikoa edo erritmo latinoak bezalako estilo anitzak uztartzen dituena; Brass Band amerikarren sonoritatearekin eta formatuarekin. Gainera, koreografiak, jokoak eta perfomanceak ere egiten dituzte, publikoa integratu eta ikuskizun dibertigarri eta dinamiko bat emanez.

Hiru sari

Kaleko Fanfarreen, Banden eta Musikaren Nazioarteko Lehiaketan parte hartzen duten taldeek lehiaketako hiru sarietako bat irabaztea izango dute helburu. Amorebieta-Etxanoko Udalak izendatutako epaimahaiak aukeratuko ditu sarietako bi: 15.000 euroko Banda Onenaren saria eta 1.000 euroko Instrumentu-Jole Onenaren saria. Hirugarren sari bat ere izango da: zornotzarrek zein egunotan Amorebieta-Etxanora hurbilduko direnek euren banda irabazlearen alde bozkatu ahal izango dute webgunearen bitartez, eta Publikoaren Sariaren talde irabazleak 4.000 euroko saria jasoko du.