Goiz partean bisitaldi txikia egin ostean, Mallabiara egindako hamar kilometro inguruko txango laburrean, Harro Herri lelopean ospatzen ari den Korrikaren 23. edizioa Bizkaian da jada. Euskararen aldeko lasterketa erraldoia Ondarroatik sartu zen lurralde historikora, arratsaldeko 15:00ak pasata, Lea-Artibai aldetik sartu ostean Busturialdeko zenbait udalerritik igarotzeko gau partean. 35 orduko zeharkaldia egingo du Korrikak Bizkaian barrena, atzokoa eta gaurkoa gehituta, milaka euskaltzaleren sostengua lortuzta. Txiki zein helduk, ume zein nagusik, irudi bitxi ugari utzi zituen euskararen aldeko egitasmo erraldoiak. Eta beste behin argiro agertu zen Korrikak duen erabateko arrakasta... Eta oraindik Bilbotik pasatzea falta da!

Izugarrizko harrera egin zion Ondarroak Korrikari. Ru, rru, rru... Ondarru ozen aldarrikatuta, hainbat izan ziren egitasmora bildutako elkarteak. Kirol taldeak, euskararen aldeko eragileak, alderdi politikoak, guraso elkarteak, hezkuntza zentrok edota enpresek, Lea-Artibaik jende uholdeak eratuta lagundu zion Korrikari. Berriatuatik Markina-Xemeinera eta bertatik Ziortza Bolibarrera, udalerri txikian beste irudi gogoangarri bat ikusteko aukera izan zen. Bertan, Venezuelako Bilboko kontsulatuak bere tartea bete zuen, lehenengoz aurtengoan, hori, urdin eta gorriz –Hegoamerikako herrialdearen banderaren kolorez, zehazki– margoztuz lasterketaren aurreko aldea. Simon Boliver aska-tzaile izandakoaren familiaren jatorrizko herria, Aulesti edota Lekeitio zeharkatuta iluntze aldean. Busturialdera Eatik egin zuen sarrera euskararen aldeko ekimen erraldoiak. Elantxobe, Gautegiz Arteaga eta Gernika-Lumora arte, gauez egin zituzten kilometroak korrikalariek, tinko eutsita beti ere lekukoari. Bermeora, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren beste puntara, 01:23etan sartu zen ekimena, bertatik Bakiorako bidea hartuz eta eskualdea atzean utziz. Euriak ere bere protagonismoa izan nahi zuen atzokoan, eta gogorki astindu zituen ibilbidearen hainbat gune.

Lea-Artibai eta Busturialdea Bizkaiak dituen bi arnasgune nagusienetakoak dira. Euskal hiztunez jositako inguruak, jakintza tasa altuarekin, hala ere euskeraren erabilera gero eta urriagoa dela adierazten dute noizbehinka egiten diren kale neurketek. Bada, azken urteetan egindako analisiek azaltzen dutenez, gero eta zailagoa da kaleetan euskeraz entzutea. Horrexegatik dira hain garrantzitsu Korrika bezalako ekimenak sortzen duten giroan zipriztintzea. Eta horretan lagundu zuten herriz-herri antolatutako Korrika Txiki bezalako ekimenek, non txikienak izan ohi diren protagonistak. Eta baita Korrikaren baitan antolatzen diren solasaldi edota kultur emanaldiak.

Etenik

Hala ere, jakina da Korrikak ez duela etenik izaten, ez gau ezta egun. Eta nahiz eta gaueko ordu txikietan izan, beti jasotzen du euskaltzaleen beharrezko hauspoa. Horren adierazle izan zen Mungialdean eta Uribeko txokoetatik izandako pasaerak. Izan ere, hamar egunetan zehar –eta hauen gauetan–, Korrikak Irundik Baionarako ibilbidea egingo gu –martxoaren 14tik 24ra–, Euskal Herriko zazi herrialdeetako lurrak igaroz. Bero zein hotz, haize zein euri, beti izan ohi da norbait testigua eskutan duela, euskerarean aldeko garrazia plazaratuz.

Periferiako eskualdeak zeharkatu ostean, Korrikak eztanda egingo du gaurkoan Bizkaiko hiriburuan. Izan ere gaurkoan Bilbon izango da lasterketa, Buiatik sartuko delarik 15:30ak aldera eta hainbat auzo bisitatu ostean –Abusu, Txurdinaga, Otxarkoaga, Santutxu,Zazpi kaleak, Miribilla, Errekalde, Uribarri, Deusto, San Ignazio edota San Mames–, Zorrotzarainoko bidea egingo duen, non 20:15ak aldera utziko duen Bizkaiko hirburua. Eta, nola ez, egingo duen txangoak ziur aski milaka euskaltzale batuko ditu oihu amankomun baten menpean: euskeraz bizitzea posible dela ozen entzungo da.