Datorren asteartean, martxoaren 26an, irekiko ditu ateak Elorrioko Goieta kaleko 42. zenbakiko etxabean kokatuta dagoen ikasgela publiko berriak. 30 eserleku izango ditu 100 metro karratuan banatuta, panelez banatutako lau mahai handi, wifi zerbitzua eta zuntzerako 24 konexio-bloke. Ikasgelara sartzeko, ikasleek txartel edo giltza bat erabili behar izango dute.

Herritarrek ate-irekiera ekitaldian ikusi ahalko dute ikasgela barrutik, ostegun honetan, 19:00etatik 20:00etara. Era berean, datorren martitzenetik aurrera, hilak 26, egongo da zabalik erabiltzaileentzako.

Arauak, finkatuta

Udalak espazioaren gaineko ordenantza onartu zuen, aho batez, otsailaren 1eko osoko bilkuran. Erabiltzaileek gutxienez 16 urtekoak eta Elorrion erroldatutakoak izan beharko dute, baina Atxondoko ikasleei ere zerbitzu hori erabiltzeko aukera emango zaie, dagokion eskabide-orria bete ondoren.

Erabiltzaile izateko lehen pausoa eskabide-orria betetzea izango da. Hilaren 21etik aurrera egin ahalko da izapidea, epe-muga barik, udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan. Bertan 10 euroko fidantza ordaindu beharko da, kreditu-txartelarekin. Eskaera egiterakoan eskatzailearen errolda egiaztatuko da –Atxondokoek dokumentu hori eraman behar dute–.

Eskabidea aurkezturik, eta fidantza ezarririk, giltza-txartel bat emango zaie Iturri Kultur Etxean, ikasgelara sartu ahal izateko. Giltza-txartela baimendutako pertsonaren izenabizenei lotuta geratuko da eta ezingo dio beste inori utzi. Bamendutako pertsona hori izango da txartelaren eta lokalaren erabileraren erantzulea. Ezarritako fidantza giltzatxartela itzulitakoan berreskuratuko da, baldin eta titularraren aurkako erreklamaziorik ez bada jaso lokalean kalteren bat sortu duelako edo ezarritako arauak hausteagatik zigorrik jarri ez zaiolako.

Egunero erabilgarri

Ikasgela egunero erabili ahalko da, ordutegi honetan: astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 22:00ak arte; eta larunbat, igande eta jaiegunetan, 08:00etatik 20:00ak arte. Garrantzitsua da ordutegi hori errespetatzea, ateak blokeatuta geratuko baitira aurreikusitako ordutegitik kanpo.

Ikasgela espresuki ikasteko erabiliko da, une oro isiltasuna gordez. Besteak beste, debekatuta daude talde-lanak egitea, hitzaldiak eta batzarrak. Ezingo da ez jan, ez edan, ez erre. Instalazioa bera eta ekipamendua errespetatu behar dira eta erabiltzaileek lokaleko elementuak zaindu beharko dituzte.

Hala, ikasgelako ordenantza ez betetzeak hainbat ondorio ekar ditzake; esaterako, giltza-txartel berri bat ateratzeko debekua, giltza-txartela baliogabetzea eta Udalak fidantza bereganatzea. Gainerako zigorren bat ezartzeko ahalmena alkatetzari dagokio.