Aurreko edizioak izandako harrera ona kontuan izanda, martxan jarri berri du Ermuko Udalak Folkez Blai lehiaketaren 19. edizioa. Hala, Kultura sailak antolatutako ekimen honek folk generoa jorratzen duten kolektiboen hedapen plataforma izaten jarraituko du beste urte batez, musika errotik sustatzeko helburuarekin.

Lehiaketa bi fasetan banatzen da, eta martxoaren 15ean hasiko da lehenengoa. Bertan, bi disko baino gehiago argitaratu ez dituzten folk musika talde guztiek parte hartu dezakete. Horretarako, lau kantuz osatutako grabazioa bidali beharko dute – horietatik bi, gutxienez, euren abesti propio eta originalak –, baita taldearen argazki bat eta informazioa eta harremanetarako datuak ere, Ermuko Udaleko Kultura Sailera edo kultura@udalermua.net helbidera. Parte hartzeko epea maiatzaren 15era arte egongo da zabalik.

Aurkezten diren proposamen guztietatik, epaimahaiak sei talde aukeratuko ditu lehiaketaren bigarren faserako, hau da, irailaren 13an, 14an eta 15ean gure udalerrian egingo diren zuzeneko emanaldietarako. Folk jaialdi honetan X Fanekaes izango dute lagun, lehiaketaren aurreko edizioan irabazle izan zen talde valentziarra, eta baita generoan jada ibilbidea jorratu duen beste talde bat ere.

Irailaren 15ean, igandea, jakinaraziko da epaimahaiaren erabakia. Emanaldi guztiak amaitzean, 3.000 euroko lehen sari bat eta 1.500 euroko bigarren sari bat emango dira. Gainera, Folkez Blai lehiaketa irabazten duen taldeak gonbidatu gisa joko du jaialdiaren hurrengo edizioan.

Finalerako sailkatu eta sarituak izan ez diren talde guztiek 500 euroko dirulaguntza jasoko dute Ermura etortzeko gastuak ordaintzen laguntzeko.