Martxoaren 8a hamasei egun iraungo du Durangon. Urtero bezala, Udalak bat egingo du egun horretan ospatuko den Emakumeen Nazioarteko Egunarekin, eta horretarako martxoaren 1etik 16ra luzatuko den egitarau zabala prestatu egin dute herriko elkarte, talde eta emakumeekin batera.

Programaren aurkezpenean Paule Sanchez eta Jesica Ruiz zinegotziek azpimarratu dutenez, martxoaren 8a errebindikaziorako eguna da. "Aurten ere, bat egingo dugu emakumeen eskubideak aldarrikatzeko eta eskubide horiek bete daitezen elkarrekin eskatzeko. Eta bai, elkartuta egingo dugu, aldarrikapen hori batera egiten dugulako, denok elkarrekin. Emakumearen Nazioarteko lehen Eguna 1911n ospatu zen, eta harrezkero, emakume asko aritu dira, ari gara, arituko gara eta arituko dira borrokan ikusi eta errespeta gaitzaten. Izan ere, eskubide-berdintasunean oinarritutako politikak bultzatzeko borrokan jarraitzeko konpromisoa dugu", adierazi du Sanchezek. Bestalde, Ruizek azpimarratu duenez, martxoaren 8a "aldarrikapen-eguna da, guztiok elkartzeko, elkarri laguntzeko, komunitatea sortzeko eta elkarrekin borroka egiteko, hain sinplea den baina batere erraza ez den zerbaiten alde, berdintasunaren alde. Gu berriz isilarazi nahi gaituzten ahotsak entzuten diren honetan, ozen eta argi esaten dugu geldiezinak garela eta genero-estereotipoen aurka beharrezkoak diren estrategiak eta mekanismoak sustatzen jarraituko dugula borroka kolektibotik abiatuta, mugimendu feministen bitartez eta erakundeen laguntzarekin".

Programazio bateratua

Aurten, Emakumearen Nazioarteko Eguna aurreko urteetan baino are bereziagoa izango da, Andragunearen 15. urteurrena ospatuko baita. Ruizek gogorarazi duenez, "Andragunea mugimendu feministen borrokaren eta Udalak proposamen horri emandako babesaren ondorioz sortu zen. Hasiera batean Pinondo Etxean jarri zen martxan, eraikina beste elkarte batzuekin partekatuz, eta 2016an egungo Andragunerako jauzia egin zen, gu guztion etxea: gazteak, adinekoak, kultura eta ideologia ezberdinetakoak...".

Horregatik, aurten Emakumearen Nazioarteko Eguna "15 urte zurekin" izenburupean ospatuko da. Datozen egunetarako antolatutako jarduerak jasotzen dituen urteurrenaren kartela Ainhoa Olasok egin du.

M-8rako programazioa elkarte feministekin batera egin da, eta, gainera, Durangoko hezkuntza, kirol eta gizarte komunitatea inplikatu da bertan. Jarduerak martxoaren 1ean hasi eta martxoaren 16an amaituko dira. Honako hauek dira antolatutako jarduerak:

  • Martxoak 1. Ana de Miguel “El espíritu del neoliberalismo y el mito de la libre elección” hitzaldia, 18:30ean, Plateruenea Kultur Aterpean Andereak elkarteak antolatuta.
  • Martxoak 2. Emakumeen pilota txapelketa, 19:00etan, Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan, Ados Pilota-k eta Durangoko Udaleko Kirol Sailak antolatuta.  
  • Martxoak 8. 
  • Adierazpen instituzionala, 11:00etan, Andragunean.
  • Andragunearen XV. urteurreneko festa eta bideoaren aurkezpena, Santa Anan, 17:30ean.  
  • Manifestazioa Durangoko kaleetan, 19:00etan, M8 kolektiboak antolatuta.
  • Martxoak 9, Wikiemakumeok proiektu kolaboratiboaren dokumentala, 11:00etan, Andragunean.  
  • Martxoak 10. 
  • XVII. Lilakrosa 12:00etatik aurrera Ezkurdi plazan. 
  • Defondo antzerki taldearen “Señora Einstein” antezlana, 19:00etan, en San Agustin Kultur Gunean. 
  • Martxoak 16. Abesti Feninisten VI. Lehiaketako finalisten kontzertua, 19:00etan, Plateruenean.