700 ikasle inguruk hartuko dute parte asteazken honetan, otsailaren 28an, Eibarren hasi den Abian Debabarrenako Lanbide Heziketako Azokaren seigarren edizioan. Ohi moduan, Ipuruako aparkalekuan du kokalekua.

Eskualdeko zortzi udalek antolatutako ekimena da, Debegesa Garapen Agentziaren eta Debabarreneko Lanbide Heziketako ikastetxeen bitartez. Juan Carlos Abascal Ermuko alkateak irekiera ekitaldian parte hartu du, ekimena antolatzen duten erakundeetako ordezkariekin batera.

Edizio honetan ere parte hartuko du Ermua-Mallabia Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuak, Armeria Eskola, IMH, Meka Lanbide Eskola, Uni Eibar-Ermua, Kardala Akuakultura Eskola, Mutrikuko Institutua eta OLH Eibar institutuarekin batera.

Berrikuntza gisa, 2024an, ohiko standei Debabarreneko unibertsitateko prestakuntza-eskaintza gehitu zaie, zehazki, EHUk Eibarren (Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola, Eibar) eta Elgoibarren (Ingeniaritza Dualeko Eskola, IMH Campus) dituen ingeniaritza-graduak. Lehen, azoka Lanbide Heziketari buruzkoa zen soilik, baina kontuan hartuta ikasketa guztiak ibilbide beraren parte direla eta ikasleak lan-mundurako prestatzea dutela helburu, Debabarrenan eskaintzen diren unibertsitate-graduak gehitzea eta azoka bisitatzen duten pertsonentzako eskaintza zabaltzea erabaki da.

Eskualdeko DBHko eta Batxilergoko 700 ikaslek baino gehiagok bisita gidatuak egingo dituzte azoka honetan gaurtik hasi eta ostiralera bitartean. Debabarreneko prestakuntza-eskaintza zabala ezagutzera eman nahi da, kalitatezko eta lan-merkatuaren beharretara egokitutako kualifikazio-aukera gisa.

Azokaren ordutegia 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara izango da asteazkenean eta ostegunean. Ostiralean, aldiz, goizeko ordutegian bakarrik irekiko da, 10:00etatik 14:00etara.