Herritarren segurtasuna hobetzeko ahaleginean aurrera darrai Ermuko Udala. Oraingo honetan, larrialdietarako laguntza eskatzeko puntu bat instalatu egin du trenbidearen azpian eta Ermuko Euskal Trenbide Sareak duen geltokiaren ondoan dagoen lurpeko pasabidean.

Laguntza eskatzeko puntua zutabe edo totem bat duen instalazioa da, erdian sakagailu gorri bat duena, larrialdietan erabili beharrekoa. Hori sakatzean, dei automatiko bat egiten du ETSren aginte-postura; bi seinale bizi aktibatzen ditu: hots-abisua eta argien distira; baita azpiegituran integratutako kameraren seinalea eta tokitik gertuen daudenak zuzenean transmititzea eta grabatzea ere.

Sistema aktibatuz gero, trenbide-sare osoa kontrolatzen duen ETSren aginte-postuak egiaztatuko du deia benetakoa den, eta, hala bada, SOS Deiak-i jakinaraziko dio. Puntu kritikoaren botoia sakatu ondoren, ahots bidezko komunikazio hasten da laguntza eskatu duen pertsonarekin. Aginte-postuak tokiko irudiak jasotzen ditu: totema enfokatzen duen kamerarena eta estrategikoki definituta dauden beste hiru kamerarena, tokiaren eta inguruaren ahalik eta ikuspegi osoena izateko. Larrialdiari baldintzarik onenetan erantzuteko irudiak eta testuingurua.

Bizkaian larrialdietarako 16 zutoin daude instalatuta eta Gipuzkoan 12

Bizkaian, hamasei geltokik laguntza eskatzeko edo larrialdietarako zutoinak dituzte: Ariz, Berriz, Itxasbegi, Euba, Ermua, Derio, Forua, Zuhatzu, Bedia, Muxika, Institutua, Zamudio, Zugastieta, San Kristobal, Sangroiz eta Lurgorri. Gipuzkoan sistema hori duten 12 estazio daude.

Ekimen honen jatorria 2020an dago, Euskal Trenbide Sareko Berdintasun Taldeak, IV. Planaren esparruan, euskal trenbide-sareko geltokien diagnostikoa genero-ikuspegitik egitea planteatu zuenean. Diagnostikoa egin ondoren, ETSko Zuzendaritzak Liburu Zuri bat argitaratzea erabaki zuen, Euskadiko trenbide-sareko geltokiak genero-ikuspegiarekin diseinatzeko irizpideekin. Argitalpenak hainbat puntu identifikatzen ditu ETSren estazioetan, ikusgarritasun, irisgarritasun eta isolamendu gutxikoak, herritarrengan segurtasunik eza eragin dezaketenak. 2.5.1 c puntuan "laguntza eskatzeko wso sorospen-botoi bat instalatzea gomendatzen da, erraz identifikatzeko modukoa (morea), behar bezala seinaleztatutako kamera eta mikrofonoarekin ".

Euskal trenbide-azpiegituraren erabiltzaile guztiek espazioak eta zerbitzuak modu seguru eta erosoan erabili ahal izateko irtenbideak ezartzea da liburuaren helburua, haien adina, generoa edo gaitasunak edozein direla ere. Emakumeak dira nagusi Euskotrenen zerbitzuetan, erabiltzaile guztien %63.