Etxeko txikienek zientziaz beteriko ekintzez beteriko eskaintza izango dute Aste Santuko oporraldian gozatzeko. Bada, Abanto Zierbenako Udalak 'Txiki Zientifikoak' izeneko programa aurkeztu egin du aste honetan, Hezkuntza sailaren bitartez garatuko dena, umeen artean zientziarekiko jakin-mina pizteko helburuarekin.

“Eskolako oporrek eskolatik deskonektatzeko balio diete txikiei. Aldi horiek arreta jartzeko eta kontzentratzeko gaitasuna sendotzen dute, nekea arintzen dute eta motibazioa areagotzen dute. Giroz aldatzea funtsezko faktorea da energia berreskuratzeko eta errutina eteteko; hala, eskola egutegiko hurrengo aldiari gogoz heltzen zaio”, esan du Iñaki Urrutia Abanto Zierbenako alkateak.

Jarduera horiek Finlandiako Learning by doing metodologian oinarrituta garatzen dira. Hau da, eginez ikasten da, eta, jarduera horien bidez, zientziaren alderdirik ulergarriena erakutsiko da, talde-lana sustatzeaz gain. Egun horietan, Txiki Zientifikoak jardueretako partaideek urarekin, lurrarekin eta airearekin lotutako esperimentuak egingo dituzte; elur artifiziala, labazko lanparak, sumendiak… egingo dituzte; helioarekin esperimentatuko dute eta abar.

“Olgeta eta aisialdiko jarduera horiek mesede egingo diote haurren garapenari, eta arreta jarraraziko zaie, oro har, eskolan jorratzen diren ez bezalako gaietan”, adierazi du Miren Prada kultura zinegotziak.

Jarduerak udalerrian erroldatuta dauden 5 eta 11 urte bitarteko haurrentzat dira. Lekuak mugatuak dira: taldeko 100 leku; hortaz, izen-emate gehiago badaude, zozketa egingo da.

Jardunaldiak martxoaren 25ean, 26an eta 27an izango dira, 10:00etatik 14:00etara, eta partaide bakoitzak 15 € ordaindu beharko ditu. Udalak jardueraren % 75 laguntzen du diruz.

Martxoaren 1era arte eman ahalko da izena Udaletxean dagoen Herritarren Arreta Zerbitzuan, astelehenetik ostiralera, 07:30etik 14:30era bitartean; Las Carrerasko Herritarren Informazio Bulegoan, astearte eta ostegunetan, 12:00etatik 15:00etara; edo Udalaren webgunean.