Aurreko edizioek izan zuten arrakasta kontuan izanda, Ermuko Udalak martxan jarri du dagoeneko herrian tradizioa den piropo lehiaketaren hamazazpigarren edizioa. Udal Euskara Zerbitzuak sustatutako ekimen honetan parte hartzeko baldintza nagusia euskaraz egitea da, lehiaketaren helburua ermuar guztien artean gure hizkuntzaren erabilera bultzatzea baita, modu sortzaile, adierazkor, ez-sexista eta ludikoan.

Lehiaketa hiru kategoriatan banatzen da: 15 urtetik beherakoak, 15 eta 17 urte bitartekoak eta adin nagusikoak. Ekimenean parte hartzeko, nahikoa da euskaraz idatzitako piropo proposamenak euskara@udalermua.net helbidera bidaltzea, adina eta harremanetarako datuak adieraziz.

Kategoria bakoitzean irabazle bat aukeratuko da, eta hiru sari banatuko dira:

  • 15 urtetik beherako parte-hartzaileak: 50 euroko erosketa-txekea
  • 15-17 urteko parte-hartzaileak: 80 euroko erosketa-txekea
  • Adin nagusiko parte-hartzaileak: Donostiako La Perlan forma-jartze zirkuitu baterako bonua, talasoterapia zirkuituarekin, aromaterapia masajearekin eta bi pertsonentzako dastatze menuarekin

Piropoak aurkezteko epea gaur asteazkena, otsailak 14, San Balentin Eguna, irekiko da eta martxoaren 8an amaituko da. Epaimahai batek aurtengo piropo irabazleak erabakiko ditu, eta, besteak beste, originaltasuna eta sormena baloratuko ditu, baita egokitzapena edo itzulpena ez izatea, iraingarria ez izatea eta sexista ez izatea ere.

Euskara Zerbitzuak herritar guztiak animatzen ditu ekimen dibertigarri honetan parte hartzera.