Datorren ostiralean, otsailaren 2an, iluntzeko 20:30etik aurrera, Ermua Antzokiak Tartean Teatroa konpainiaren 'Kortxoaren dilema' izeneko antzezlana jasoko du. Obra euskaraz antzeztuko da.

Nahaspila eta intriga politikoko thrillerra bi aktorerentzat, espazio bakarrean eta denbora errealean. Sarrerak 10 euro balio dute eta aldez aurretik eros ditzakegu Lobiano Kulturgunean edo Internet bidez Kutxabanken webgunean eta kutxazain automatikoen sarean.

Antzezlana Patxo Telleriak idatzi du eta antzezpeneko bi aktoreetako bat da, Mikel Martinezekin batera. Zuzendaria Mireia Gabilondo da. Duela gutxi estreinatu da, eta euskarazko bertsioa Bilboko Arriaga Antzokian aurkeztu zen azaroaren bigarren hamabostaldian.

Obraren sinopsia

Irakaslea (70 urte), Etika eta Filosofia Politikoan katedradun jubilatua da, ezkertiarra, polemikoa eta itzal handikoa. Noam Chomsky iberiarra. Pronostiko gaiztoko minbizia dauka, baina gaixotasun tratatzeko aukera agertu da ezustean. Aberats ospetsu batek osasun sistema publikoari dohaintzan eman duen radioterapia ekipamendu batean tratamendua har dezake. Iritzi publikoak goraipatu egin du donazio hau. Bakan batzuk, ordea, gaitzetsi egin dute. Hauen ustez buru zuritze bat da, trilero baten trukua, legez ordaindu beharko lituzkeen zergak ez ordaintzeko, eta bere enpresetan agertu diren trapu zikinak estaltzeko. Aberatsaren amarru honen salatzaileetako bat, nabarmenetakoa, Irakaslea izan da.

Orain erabaki latza hartu behar du: bere printzipioekiko leiala izan eta bizitza salbatzeari uko egin; ala prakak jaitsi eta filantropoari ipurdian pot egin. Gaurko egunean erabakia hartu du. Erabakiaren berri iragartzera doan unean, ezezagun bat, agertuko zaio ezustean bulegoan. Ikasle ohia da eta konpondu gabeko kontuengatik dator.