Hezkuntza batzordean sortutako ideia bati jarraituz, Ondarroako Udalak jarduerak antolatu ditu “adingabeek egiten duten Interneten eta telefono mugikorren erabileraren inguruan”. Zehazki, hauen erabilera “arduratsua sustatu behar dela” jakinda, ekimen ezberdinak antolatu dituzte, “bai gurasoentzako eta baita ikasleentzako ere, gaiaren inguruko lanketa eta kontzientziazioa egiteko”. Bada, solasaldia –urtarrilaren 24an– eta gaztetxoenentzako saioak –otsailean eta martxoan, herriko ikastetxeetan– izango dira.

Udaleko iturriek zabaldutakoaren arabera, alor hauetan espezialistak difen Macsonrisas elkarteak bideratuko ditu jarduerok. Espezialistak dira heziketa digitalean. Hala, urtarrilaren 24an guraso eta oro har interesa izan dezaketen herritarrentzako hitzaldia egingo da, 18:30ean. Bestetik, Lehen Hezkuntzako 3.mailatik 6.mailarainoko ikasleei zuzendutako saioak ere egingo dira. “Hezitzaileak joango dira ikastetxeetara eta gelaz-gela landuko dituzte edukiak ikasleekin. Zaldupe eskolan otsailaren 12an egingo dira eta martxoaren 5ean, ostera, Zubi Zahar herri ikastolan”.