Herritarren arteko bizikidetza hobetzeko erronkari helduko dio Durangoko Udalak hasi berri den 2024 honetan, eta horretarako orain arte bigarren maila batean zeuzkan neurriak jarriko ditu martxan. Hala, Irmo gaitzetsi ditu Udalak pasa berri diren Gabon jaietako kale edanak Matute plazan sortu dituen istiluak. Errege egunari lotuta, parrandarako eta aisiarako egunak izango dira gaurkoa eta biharkoa Durangon ere, eta istiluak sahiesteko helburuz, kale edana ekiditeko neurriak indartuko ditu.
Udaltzaingoak eta Ertzaintzak, elkarlanean, kale edana eman ohi den eremuetan zaintza indartuko du, herriko gune horietan pilatuta egon daitezkeen pertsonei kalean edatea galarazita dagoela gogoraraziz. Udaltzaingoak eta Ertzaintzak egindako ohartarazpenei kasurik egin ezean, isunak jarriko zaizkie kale edanean eta bizilagunei eragozpenak eragiten ari diren pertsonei.
Herritar guztien arteko bizikidetza helburu
Mireia Elkoroiribe alkateak zorrotz arbuiatu ditu Gabon jaietan Matute plazan jasotako gertaerak, eta halakorik ezin dela onartu adierazi du: “Ulertzen dugu eta jakitun gara jendeak dibertitu egin nahi duela; baina ez modu honetan. Bizikidetza lehenetsi behar da. Batzuen dibertsioa ezin da besteen atsedenaren kontura izan, eta are gutxiago etxebizitzen edo espazio pribatuen aurkako erasoak onartu”.
Hala, San Fausto jaietan edo Durangoko Azoka egunetan egiten den bezala, asteburu honetan ere zaintza indartu egingo du Udalak, segurtasuna indartzeko eta herritarren arteko bizikidetza hobetzeko.