Zer da euskalduna izatea? “Jende askok esaten dau euskaldun izatea euskaraz hitz egitea dela, baina, horrez gain, sentimendu bat dela ere uste dot”, dio Garazik, 17 urteko zaldibartarrak. Berak bezala, Durangoko beste gazte batek onartzen du “erantzukizun handi bat dugu euskararen erabilerarekiko hurrengo belaunaldia garelako, baina nagusiek ere badute erantzukizunaren zati bat euskararen normalizazioa bultzatzeko”. Eta nola ez, beste batzuek argi dute euskaraz hitz egitea ez dela ez gazteen ez helduen kontua. “Zure inguruan jendeak euskaraz hitz egiten badu zuk ere egingo duzu eta hori edonori gerta dakioke”, onartzen du Garazik. “Gazteek euskaraz hitz egiten ez dutela esatea ez da egia. Nik lehen ere banuen ardura hori, euskara galtzen joan zitekeela, baina konturatu naiz jende gazte askok hitz egiten duela euskaraz, eta horrek asko pozten nau”, aitortzen du Liherrek.
Hori guztia Zeresana. Durangaldeko gazteak eta euskara dokumentalean entzun daitezkeen testigantza batzuen parte dira. Zehazki, ordu erdiko iraupena duen ikus-entzunezko lan honetan, Durangaldeko 16-17 urte bitarteko gazteek euskarekiko duten harremana azaltzen dute, eta, besteak beste, eguneroko erabileraren, kezken eta itxaropenen inguruko beraien hausnarketak eskaintzen dizkiote ikusleari.
Ekimena Durangaldeko Mankomunitatearen eta Berbaro elkartearen lankidetzari esker gauzatu da eta dokumentalaren helburua gazteen artean eztabaida sortu eta gaiaren bueltan berbetan ipintzea da. “Dokumental honek gai interesgarri bat jartzen digu pantaila aurrean, izan ere, asko hitz egiten da gazteen hizkuntza ohiturez, baina ez dugu gazteek diotena entzuten. Askotan helduok gazteen ahotik egiten dogu berba, baina dokumental honetan gazteak jarri nahi izan ditugu berbetan. Eta gauza asko dituzte esateko”, onartu du Idoia Otaduy Mankomunitateko presidenteak.
Gauzak horrela, grabaketa prozesuan Berbaroko kideak aritu dira, aditu batzuekin batera eta eskualdeko institutu eta ikastetxeekin harremana egin ostean, eskualdeko 16-17 urte bitarteko hainbat gazterekin egin dira elkarrizketak, betiere jatorri, genero eta euskararekin harreman ezberdinetakoak.
Dokumentalean Durangaldeko errealitate osoagoa erakustea lortu da eta grabaketa bukatu ostean emaitza aurkezteko unea iritsi da.
Euskararen erabilera sustatzeko proiektu berri honen emaitza Durangaldeko Mankomunitatearen Youtube kanalean dago eskuragarri. Bertan, besteak beste, hezkuntza-munduak euskararen normalizazioan duen papera planteatzen da, baina baita gizarteko esparru guztietan ere. “Etorkizunari begiratu nahi badiogu, orain gaudenok euskaraz egin beharko dugu”, diote gazteek. Esan eta egin.