Síguenos en redes sociales:

Bi komun publiko instalatuko ditu Abadiñok 2024an

Urtea amaitzeko aste eskas bat falta denean, 2024an aurrera eramango dituen proiektuak finkatzeko ordua heldu da. Hala, Abadiñoko Udalak hastear dagoen urtean aurrera eramango dituen erronketan herritarren aholkuak eta eskaerak entzuteko konpromisoa hartu du. Bada, udalerrian behar diren hobekuntzak egite aldera, hilabete honetan bertan lizitaziora aterako du herrian bi komun publikoren instalazioa. Jarduketa horretarako 135.000 euroko aurrekontua bideratuko du Abadiñoko Udalak.

Izan ere, Traña-Matienan komun publiko bat instalatzea izan zen azken Aurrekontu Parte-hartzaileetan boto gehien jaso zituen proiektua, baina jarduketa atzeratu egin da, benetako kostuak ezarritako zenbatekoaren muga gainditzen zuelako. Beraz, lizitaziora atera behar da, eta, gainera, hainbat soluzio tekniko baloratu dira, hala nola lehendik zeuden eraikinak berritzea, komun publikoetarako aukera izateko.

Beste aukera batzuk aztertu ondoren, Gobernu Taldeak partida 135.000 eurora handitzea erabaki du. Horri esker, bi komun publiko instalatuko dira Abadiñoko bi hirigune nagusietan, eta obra zibila udal brigadak hartuko du bere gain.

Aurreikusita dagoenez komunetako bat Traña plazaren inguruan egongo da, eta bigarrena Zelaieta-Muntsaratzen, baina puntu zehatza ez dago oraindik finkatuta.

“Proiektu hori talde guztiekin landuko dugu, bigarren instalazio horren kokapen egokia zehazteko. Helburua Abadiñoko herrigune bakoitzean gutxienez komun publiko bat izateko pausoak ematea da”, azaldu du Mikel Urrutia alkateak.