Ostiral honetan goizean, abenduaren 22an, Trapagaranek Bizipark sarearekin bat egingo duela baieztatzen duen akordioa sinatu egin dute Bizkaiko Foru Aldundiaren Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko Sailaren diputatu Sonia Pérezek eta Trapagaraneko alkate Miguel Ángel Gómez Viarek. Hala, udalerri jasangarriago bat lortze aldera, 24 bizikleta aparkatzeko BiziPark bat eta BiziPuntu bat instalatu egin dira dagoeneko herrian, udal-kiroldegiaren alboan.
BiziPark - Trapagaran berria Juan Sebastián Elcano kalean (z/g.) jarriko da, udal-kiroldegiaren ondoko aparkalekuan, eta aparkalekuko bi plaza hartuko ditu, Udalak berak laga dituenak.
Kristalezko egitura izango da (neurriak: 6,75 m x 4,5 m x 3 m), eta 1,20 metroko zabalera duen ate lerragarria izango du. Barruan 24 bizikleta hartu ahal izateko aparkalekuak izango ditu bi altueratan, eta erabiltzaileek aukera izango dute beren bizikleta giltzarrapoz ziurtatzeko.
Akordioaren arabera, foru-sailak 65.000 euroko dirulaguntza emango du instalazio osoa jartzeko, eta Trapagaraneko Udalak aparkalekua egokitu eta hornitzeko urtebeteko epea izango du; gainera, berau kudeatu eta mantentzeaz arduratuko da kontratua indarrean den lau urteetan.
BiziPark - Trapagaran berriak Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen duen bizikletentzako aparkaleku seguruen sarea ezaugarritzen duten elementu guztiak izango ditu.
Besteak beste, honako baliabide hauek dituzte: sarrera kontrolatzeko eta softwarea kudeatzeko sistema, interneteko konexioarekin; barrualdea beti argiturik egoteko sistema; gutxienez suaren aurkako sei armairu, bakoitza bere elektrizitate-hargunearekin, erabiltzaileek beren gauzak seguru edukitzeko; zaintza-sistemak: Trapagaraneko udaltzaingoaren segurtasun-zerbitzuarekin konektatutako kamerak.
Trapagaraneko alkate Miguel Ángel Gómez Viar jaunak adierazi duenez, "Jarraitzen dugu jasangarritasunaren esparruan lanean, hiri-mugikortasuneko eredu efizienteago, aktiboago eta osasungarriago bat sortzeko, ingurumen inpaktu txikoagoa duena". Eta honako hau gaineratu du: "Udaletik herritarrak animatu nahi ditugu ekipamendu hori erabil dezaten".
Horrez gain, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko BiziPark guztietarako emandako jarraibideen arabera pertsonalizatuko da espazioa.
Hamasei urtetik gorako pertsona orok, Trapagaranen bizi zein ez, plaza horiek erabiltzeko eskaera egin ahal izango du. Eskaera-kopurua plaza-kopurua baino handiagoa bada, zozketa egingo da.
Hasiera batean aurreikusitakoaren arabera, aparkalekuak eguneko 24 orduetan funtzionatuko du, urteko 365 egunetan, eta hauexek izango dira aparkalekua erabiltzeko tarifak: 4 € hilabetea; 10 € hiruhilekoa; 20 € seihilekoa eta 40 euro urte osoa. Hamalau egunik behin erabili beharko da bizikleta, aparkalekua ez dadin bizikletak gordetzeko toki batean bilakatu.
Hauxe azaldu du Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko diputatu Sonia Pérezek: "Pixkanaka bagoaz Bizkaia osoan zehar bizikletentzako aparkaleku seguruen sare bat zabaltzen, garraiobide horren erabilera bultzatzeko, jasangarriagoa eta osasungarriagoa den aldetik".
Trapagaran BiziPark sarean sartu den Bizkaiko hamargarren udalerria da, eta bertan jadanik daude Berango, Ermua, Derio, Barakaldo, Güeñes, Abadiño, Bermeo, Zalla eta Portugalete. Ermua eta Derio martxan daude eta gainerakoak, ordea, eraikuntza-fasean.
Bizipunto
BiziParketik metro gutxi batzuetara bizikletak konpontzeko eta mantentze-lanak egiteko beste puntu bat instalatuko da (BiziPunto). Foru Aldundiak aurreko legealdian jadanik lagundu zuen beste bi jartzen La Reinetako funikularraren ondoan; bata La Escontrillako geltokian eta bestea Arboledako geltokian.