Aurreko legegintzaldiko azken txanpan bertan behera geratu ondoren –uztail aldean–, Maderas de Lekeitioko enpresaren lursaila –200.000 metro koadro inguru dituena– erosteko akordioa lortu dutela azaldu zuen atzo Lekeitioko Udalak. Hala, atzokoan bertan ospatu zen Osoko Bilkuran salerosketari baiezkoa emateko azken erabakia hartu zuten alderdi politikoetako ordezkariek. EH Bilduk –gobernu taldea osatzen duena– eta baita EAJk –oposizioan– aldeko botua eman zuten. Herri administrazioak 1.350.000 euro ordainduko ditu, beti ere jabegoari egin zaizkion errekerimenduak –ingurumenari lotutakoak– betetzen direla egiaztatzen bada. Hau ziurtatuta, “herrigunearen parekoa den lursaila” diseinatzeko lanetan hasiko dira. Gaineratu dutenaren arabera, “lehenengo, herriaren beharrizanen inguruko diagnostiko serio bat behar da, ondoren, herriagaz batera Maderaseko lurzoruan zer egin erabakitzeko”.

“Negoziazioak ez dira errazak izan”, gogoratu dute Lekeitioko Udaletik. “Hilabete hauetan ugazabek –La Caixa–, behin eta berriro, esan digute Maderas erosteko epe-muga gainean genuela, eta denboran luzatuz gero arriskuan ipintzen geundela Maderas geuk erosteko aukera. Izan ere, momentu guztietan eduki dugu mehatxua Maderaseko lurrak kartera handiren batean atzerriko inbertsoreren bati saltzekoa. Ultimatuma eman ziguten, beranduenez, erosketa abendurako egiteko”. Denboraldi horretan, “guk La Caixari eskatzen izan diogu Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailetik zeuzkaten ingurumen betekizunak beraiek betetzea. Kontua da, Eusko Jaurlaritzak maiatzean txosten bat egin zuela, eta bertan esaten zuen Maderas de Lekeitioko lurretan zein lan egin behar ziren ingurumenari lotuta. Lan horiek egiteak kostu ekonomiko bat du, eta Udalaren helburua beti izan da lan horiek La Caixak egitea guk erosi aurretik. Horixe izan da, hain zuzen, negoziazioaren erdian egon dena”. Bada, “lan handia egin ostean”, lortu da “ingurumen betekizunak kontuan edukitzea eta herriarentzako baldintza ekonomiko onenetan negoziatzea”.

“Ondo aztertu”

Etorkizunera begira, “XXI. mendeko erronken aurrean, Lekeitio sendo bat behar-beharrezkoa” dela ziurtatu dute Udaletik. Horregatik, “ezinbestekotzat” jo zuten udalerria “indartuko duten proiektuak gauzatzea. Momentua da, gelditzeko urteetan Lekeitio zuzendu duten inertziak, eta lasaitasunez herriak behar duena ondo aztertzeko”. Lehenengo pausoa “herriaren beharrizanen inguruko diagnostiko serio bat” egitea izango da, “ondoren, herriagaz batera Maderaseko lurzoruan zer egin erabakitzeko”. Kontua da iraganean parte-hartze prozesua zabaldu zela Lekeition, 400 aportazio jaso zituena.

“Maderasen etorkizunaz erabakitzerakoan kontutan izan beharko dira eremu hori arautzen duten legeek diotena, batez ere, Lekeitio eta Ispasteko planeamenduei lotutakoak, eta Kostako Legeari edo ingurumenari lotutakoak”. Izan ere, lursailak baditu hainbat dira bete beharreko kontuak. “Eta kontutan izan beharko dira Lekeitioren beharrizanak eta nahiak”. Adierazi dutenez, “gogotsu gaude, behin lurzorua erosita hurrengo pausuei ekiteko”.