Hilabetero bezala, Galdakaoko Udalak ezagutzera eman du abenduan zehar Gizarte Ekintzako Adinekoen Dinamizazio Zerbitzuak programatu egin dituen ekintzen egitaraua. Hauexek dira prestatu diren ekintzak:

Erabaki Galdakao parte-hartze plataforma digitalari buruzko tailerra

Erabaki Galdakao herritarren partaidetzarako plataformari buruzko tailer teoriko-praktikoa antolatu da abenduan Izarra Adinekoen Zentroan, udalerriko adinekoei zuzenduta. Tailer honen helburua parte-hartzaileak plataforma honen erabileran sartzea da. Saioan, alderdi teorikoak eta praktikoak jorratuko dira, Erabaki zer den eta espazio digital horretan nola parte har daitekeen azaltzeko. Espazio digital horri esker, herritarrek modu aktiboan parte har dezakete tokiko erabakiak hartzen, eta tresnak eskainiko zaizkie iritziak emateko, ideiak proposatzeko eta politika publikoak eraikitzen laguntzeko. Ekimenaren helburua da gizarteratze digitala sustatzea eta adinekoak ahalduntzea Galdakaoko partaidetza eremuan.

Tailerra abenduaren 13an, asteazkena, izango da, 18:00etatik 19:00etara, Izarrak duen egoitzan (Bizkai kalea, 1), eta gehienez 15 pertsona joan ahal izango dira. Izena emateko epea zabalik dago.

Gabonetako apaingarriak

Bi orduko tailerrean Gabonetako lore-lanak egingo dira. Abenduaren 19an, 10:30etik 12:30era, Lagun Artean adineko zentroan (Tximelarre Goikoa 1-A) egingo da tailerra eta gehienez 15 pertsonarentzako egongo da lekua, beraz, ezinbestekoa izango da aurretiaz izena ematea. Abenduaren 13tik aurrera eman ahal izango da izena Adinekoen Dinamizazio Zerbitzuan, eta pertsona batek gehienez bi izen eman ahalko ditu. 

Belaunaldi arteko eskulan tailerra

Ohiturari jarraituta eskulanen tailerraz gozatu ahal izango dute amama-aititeak euren bilobekin. Danok Aurrera adinekoan zentroan (Aperribai bidea, 2), abenduaren 27an egingo da 10:30etik 12:30era; Urtebietako Elkarbizi zentroan, aldiz, 28an, ordu berean. Gehienez zazpi bikotek parte ahal izango dute eta ezinbestekoa izango da izena ematea Adinekoen Dinamizazio Zerbitzuan, abenduaren 18tik aurrera. 

Mendi ibilbidea Arrigorriaga, Mendikosolo, Buiagoiti, Montefuerte eta Bilbo artean

14km-ko ibilbidea izango da, 319 metroko desnibel positiboa eta 367 metroko desnibel negatiboa duena. Abenduaren 21ean izango da, eta gehienez 30 pertsonarekin. Izena emateko dinamizazio zerbitzuan egin beharko da abenduaren 11tik aurrera. 

Bisita kulturala Gasteizko alde zaharra ezagutzeko

Santa Maria katedrala eta dorrea eta Arabako Fournier karta museoa bisitatuko dira bihar, hilak 12. 

Horiez gain, adineko pertsonen beharrei erantzuten die zerbitzuak. Aisialdirako jarduerak proposatzen ditu, IMSERSOko bidaien inguruko informazioa eta jubilatu eta pentsiodunentzako informazio (Terma programan, garraioetan deskontuak…) eskaintzen du eta orotariko kontsultak eta aholkularitza ematen ditu. 

Hori guztia astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan 10:00etatik 13:30etara eta ostegunetan 16:00etatik 18:00etara Gizarte Ekintzako bulegoan (Pontzi Zabala 3-a, Ardantza Parkean) edota 944 010 545 telefonoan.