Durangoko Azoka bezalako ekimen erraldoi bat antolatzea erronka garrantzitsua da eta horretaz asko daki, Beñat Gaztelurrutia Gerediaga Elkarteko koordinatzaileak. 58. edizioa abenduaren 6tik 10era luzatuko da eta fantasian murgiltzeko prest gaude.
G: Koordinatzaile moduan nola bizi izan duzu antolaketa-prozesu guztia? Zenbat denbora eraman dizue?
E: Azokaren antolaketa lana urte osoko lana da, aurrekoa ixten denerako hurrengoa antolatzen hasten baikara. Uste dut prozesua egituratuta eta ondo antolatuta daukagula, baina, hala ere, edizio bakoitza berezia da eta lehenengoaren urduritasun eta ilusio berarekin antolatzen dugu. Koordinatzaile moduan esan dezakedana da antolaketa lanetan oso jende onarekin inguratuta gaudela, kendu beharrean eman egiten duten horietarikoak ikusten ditut inguruan. Ezin daiteke gehiago eskatu.
G: Dena lotuta dago, baina azken egun hauek nolakoak izaten dira?
E: Bai, egitaraua osatuta dago, ederra gainera. Egunotan Landako eta gainerako guneak atontzen gabiltza eta, lan handia den arren, polita da astiro-astiro itxura hartzen ikustea. Erronka garrantzitsua da horrelako ekimen erraldoi bat antolatzea. Edozelan ere, lanean talde ona dugunez, zereginak ondo ateratzen dira. Urtean zehar hainbat eragile izan ditugu bidelagun, eta azoka egunetan gugaz batera bolondres ugari ere ibiliko da, auzolanean, eta eskerrak eman gura dizkiet horiei guztiei.
G: Zer ekarriko digu aurtengo Azokak?
E: Aurkezpenean esan moduan, azoka ederra, betea, anitza, aktuala eta gaztea dator. Bost egunetan 265 ekitaldirekin gozatzeko aukera edukiko dute kulturazaleek. Aktualitatearekin lotuta, deneriko ekintzak egongo dira: Irulegiko eskuaren historiatik adimen artifizialaren etorkizuneraino, Euskal Herritik Manasluraino, bakarrizketatik dantza kolektiboraino, filmetatik podcastetaraino… Eta nabarmenduko nuke gazteek protagonismo berezia izango dutela. Batetik, egitarauan oso presente egongo direlako, eta bestetik, ekintza asko eurei begira antolatu ditugulako. Abenduaren 8ko eguna eurei eskainiko diegu, Gazte Eztandaren bigarren edizioarekin.
G: Ikasle goizak ere aldaketak izango ditu.
E: Azokaren bigarren egunean izango da, abenduaren 7an. Normalean ikasleekin hasten da azoka, baina aurten askok jai izango dutenez, bigarren egunera pasatu dugu. Badakigu hainbatek zubia egingo dutela, baina ez genuen ekimena galtzerik gura, eta ikasleek euren espazioa edukitzeko ahalegina egin dugu. Ehunka ikasle etorriko dira Euskal Herri osotik, tailerretan parte hartzera, azokan hara eta hona ibiltzera, gogoko dituzten sortzaileak ikustera… Beraz, gozatu dezatela!
G:Landako Gunean 257 erakusmahai egongo dira. Partaideen erantzuna Egun gutxi barru 58. Durangoko Azokak ateak irekiko ditu. Beñat Gaztelurrutiak, Gerediaga Elkarteko koordinatzaileak aurtengo edizioaren xehetasunak nabarmentzen ditu ezin hobea izaten ari da azken urteotan ezta? Babesleen laguntza ere kontuan izatekoa da horrelako ekimen bat antolatzerakoan.
E: Bai, Landako bete-beteta egongo da erakusmahaiekin. Poztekoa da hainbesteko uzta bertan erakutsi ahal izatea. Partaideek ahalegin berezia egiten dute Durangoko Azokan egoteko, eta eskertuta gaude eurekin. Iaz baino 9 stand gehiago egongo dira, nahiz eta igoera horrek zerikusia izan produkzio joerekin; gaur egun gero eta gehiago dira zigilu propioarekin etortzen direnak, batez ere musika arloan. Eta, noski, zuk diozun lez, babesleen ekarpena ere nabarmentzekoa da, bai erakunde publikoena bai erakunde pribatuena. Eurekin ere oso eskertuta gaude, azoka antolatu ahal izateko ezinbesteko ditugulako. Etengabeko harremanean gaude eta uste dut etorkizuneko beharrizanetara egokitzeko bidea egiten asmatuko dugula elkarrekin.
G: Pandemia garaian, Azoka bizirik mantentzeko online leihoa ireki zen. Orain berriz presentzialaren aldeko erabateko apustua egin da. Erabakia hartzea ez da erraza izan… Batzuek ez dute ulertuko, agian.
E: Online salmentaren leihoa bi arrazoirengatik zabaldu genuen: salbuespeneko egoera hartan kulturgintzak azokaren beharrizan handia zuelako, eta Durangoko Azoka eteterik ez genuelako gura. Iaz azoka presentziala normaltasunez egin ahal izan genuen, eta herritarrek aukera horixe lehenetsi zuten erosketetarako. Beraz, online salmentaren leihoa ixteko erabakia naturala izan da. Gainera, Durangoko Azoka erosketatik harago doan ekimen zabala da: aurkezpen eta kontzertuetara joatea, tailerretan parte hartzea, sortzaileak gertutik ezagutzea, jendearekin topo egin eta iritziak trukatzea… unibertso berezi bat da, aurrez aurreko ereduarekin hazi egiten dena.
G: Urtero lez, milaka euskaltzale hurbilduko dira Durangora. Non dago sekretua?
E: Ustez, azokaren magian, bizitasunean, lehen aipatu dizudan unibertso berezi horren fantasian. Durangoko Azoka euskal kulturaren topagune izugarria da. Egun batez denetik egin dezakezu: kontzertu bat ikusi, solasaldi bat entzun, liburu eta disko artean kuxkuxeatu, lagun zaharrekin elkartu, azoka inguruko jaiaz gozatu… Posible da gauza zehatz bategatik etortzea, eta egitarauan murgildu ostean hara eta hona ibiltzea, era espontaneo batean. Amaraun bat bezalakoa da, eta harrapatu egiten zaitu.
G: Testuingurua ez da hobera joan eta argitaletxeek, liburu-dendek, diskoetxeek... bizi duten egoera oso zaila eta kezkagarria da; hala ere, aurten, musika arloari dagokionez, nobedade gehiago datoz.
E: Argi dago sorkuntzarako indarra eta ahala badagoela Euskal Herrian. Nobedadeen artean, 178 musika lan egongo dira azokan, 49 taldek zuzenekoa eskainiko dute Ahotsenean, eta horietatik 17rena debuteko diskoa izango da gainera. Baina ez musikan bakarrik, baita ere literaturan, ikus-entzunezkoetan, arte eszenikoetan zein teknologia berrietan. Eta aipagarria da asko gazteak direla. Euskarazko sorkuntza handia eta kalitatezkoa da. Paradoxikoa da, baina halako sorkuntzarako gaitasuna duen kultur ekosistemak egiturazko arazoak ditu. Arazorik handiena, seguruenik, hartzaile urritasuna da.
Horren arrazoiak asko izan daitezke, baina arrazoi handienen artea dago gure herrian euskarak bizi duen egora. Gero eta jende gehiagok daki euskaraz, baina erabilerak ez du gora egiten, ez dugu gure bizitzako esparru guztietara hedatzen, eta horrek eragina dauka kultura kontsumitzeko ohituretan ere, erdarak lehenesten direlako. Horretan lan handia dugu egiteko.
G: Aspalditik Durangoko Azoka, Landako Gunetik haratago doan ekimen bat bilakatu da eta hemen aipatzekoa da Azokako guneen garrantzia.
E: Horrela da bai. Azoka, liburuena eta diskoena zena, kulturarena da gaur egun. Diziplina anitzeko plaza da. Landakotik Durango osora hedatzen joan da eskaintza; Plateruenara, Zugaza zinemara, San Agustin kulturgunera, Musika eskolara eta dagoeneko Museora ere bai. Horregaz lotuta, nabarmentzekoa da guneen antolaketan lanean dabiltzan eragileen ekarpena. Izan ere, eurei esker ere handitu da Durangoko Azoka. Handitu da espazioan, baina baita egitarauan ere.
G: Durangoko Azokara lehen aldiz datozenei. Zein mezu edo gomendio helaraziko zenieke?
E: Disfrutatzeko. Azken batean, euskal kulturaren jai handi bat da. Seguruenik, asko ideia jakin batek erakarrita etorriko dira, ekitaldi zehatz batera edo gogoko produkturen bat erostera. Esango nieke beldur barik murgiltzeko lehen aipatu dudan amaraunean, sorpresa ugari topatuko dituztelako.
G: Eta urtez urte etortzen direnei?
E: Hementxe itxaroten ditugula aurten ere. Eskertzen dugula euren babesa, eta ezinbesteko ditugula, kulturazale barik ez dagoelako azokarik, ezta kulturarik ere. Eta, zelan ez, gozatu dezatela lehen aldia izango balitz bezala.