Turismo eredu “jasangarriago baterantz aldatzeko lanean” dabil azkenaldian Lekeitioko Udala. Eta berau bultzatzeko, Europar Batasunetik jasotako Next Generation diru-laguntzarekin “hainbat proiektu” jarriko dituela martxan azaldu dute herri-administrazioko arduradunek. Besteak beste, herriko sarreretan kokatutako aparkalekuetan ordainpeko sistema ezarriko dela aurreratu dute, “kanpotik datozenentzat”.

Hala ere, gai honi buruz oraindik ez da erabaki irmorik hartu. Izan ere, “herriko aparkalekuen gaineko planteamendua aztertzen ari da Udala eta aurrerago aurkeztuko da planteamendu osoa”, zehaztu dutenaren arabera. Hala ere, Europar Batasunetik jaso behar dituzten 1.000.000 euroko diru-laguntzarekin “herrian behar diren proiektuak aurrera eramango” direla zaldu dute, beti ere, “turismo jasangarria oinarri eta herritarren beharrizanak lehentasun” izanik.

Bada, badira beste bost proiektu Lekeition bultzatu beharrekoak. Orain artean dago Mendieta ontziolaren etxea, non eraikina eraberritzeko lanekin aurki hasiko diren. Bertan, “herritarren onurarako hondartzako instalazio eta zerbitzuak jarriko dira: taberna, komunak eta sorosleentzako gunea egongo dira bertan”. Horrela, “hondar-tzan zerbitzu publikoak duinduko dira, ingurumena errespetatuz”. Bestetik, Trinete aterpetxean “eguzki-energia bidezko sistema ezarriko da, eguzki plaken bidez”. Urte osoan martxan dagoen eraikina –batipar igerilekua–, “kontsumo energetiko garrantzitsuak” dituena, egitasmoa honi esker “berriztagarria ez den energia kontsumoa eta berotegi-gasen emisioa nabarmen murriztuko” direla jakinarazi dute.

Lekeitio turismoaren altxor den Garraitz irlan egiten diren auzolan ekintzen eta bisita gidatuen aldeko apostuak ere bere horretan jarraituko du. “Gure herriaren historia bizirik mantentzeko eta lan hauen garrantzia balioan jartzeko, Udalak inbertsio berri bat egingo du. Horrela, bertako lanak egonkortzen laguntzeko aukera izango da”. Eta GR 38 Lea ibaiaren ibilbidean, ardoa eta arrainaren ibilbidean, Munitibar eta Lekeitio lotzen dituena, inbertituko dela aurreratu dute. Zehazki, “ibilbidearen informazio guztia digitalizatuko da, eta edozeinek bere telefono mugikorretik eskuragarri izango du. Berez herrira datozen bisitariak eskualde osora zabaltzen lagunduko du, inguruko herri eta bazterrak ezagutaraziz”. Azkenik, Eluntzetako burdibidean “garbiketa, seinalizazio eta konponketa lanak egingo dira”.