Igandean, hilak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da eta horren harira eskualdeko udalerriek ekimen ugari antolatu dituzte abenduan zehar luzatuko direnak. Adibidez, Berrizko Udaleko Euskara sailak Batu daiguzan ahotsak lemapean Euskararen Astea ospatzeko programazio berezia antolatu du eta hurrengo asteetan ez dira faltako publiko guztientzako programazio anitza. Batzuk aipatzearren, gaur, larunbata, Haize-Arrosa talde berriztarraren kontzertua izango da (sarrerak duela aste batzuk agortu ziren) eta bihar, Iñurri elkartearen eskutik Tabuen Kutxatik Oholtzara bertso saio solidario musikatua izango da Berrizko Kultur Etxean, arratsaldeko 18.00etan. “Minbizia modu batera edo bestera jasatea tokatu zaienei laguntzeko eta gizartea sentsibilizatzeko proiektu solidarioa martxan jarri dugu, gertutik bizitako esperientzien harira. Bularreko minbiziari lotutako estereotipoak gainditzeko ekarpen xume bat egin nahi izan dugu, gure esperientzia, ahotsa eta gorputza plazaratuz; bide batez esanda urteetan ukatu zaion presentzia eta espazioa eskainiz”, adierazi dute Iñurri elkarteko arduradunek.

Ikuskizunaren sarrera elkartearentzat izango da eta bertan Miren Amuriza, Alaia Martin, Oihana Bartra eta Iruri Altzerreka bertsolariak izango dira eta Amaia Agirrek egingo ditu gai-jartzaile lanak. Egitarauak abenduaren 14an jarraituko du Kriseilu Festa batekin. Helburua, “euskararen kriseilua Berrizko etxeetan egotea da, euskararen sua piztuta mantentzeko etxekoen artean; gurasoak, seme-alabak”, adierazi dute udaleko arduradunek. Bestalde, abenduaren 15ean Jon Plazaolaren Tu-tum, platz! bakarrizketa programatu da eta hilean zehar Gaitu erronkan parte hartzeko gonbitea egin dute “teknologiei euskaraz irakasteko” helburuarekin. Ekimenarekin, milaka ahotsen parte hartzea sustatu nahi da “teknologiek euskara ulertu eta hitz egin dezaten”, azaldu dute.

Euskara aldarrikatu

Amorebieta-Etxanoren kasuan, udalbatzak onartutako adierazpen instituzionalean “Euskararen Nazioarteko Egun honetan gogorarazi behar dugu euskal gizarteak bi hizkuntza ofizial dituela, baina oraindik urrun gaudela gizarte elebidun orekatua izatetik. Bi hizkuntza horietatik euskara hizkuntza gutxitua da, eta ezinbestekoa da gizarteko esparru guztietan herritarren hizkuntza-eskubideak bermatuta egotea ahalik eta modu orekatuenean”, azpimarratu zuten eta testuinguru honetan hurrengo egunotan hainbat ekimen antolatu dira. Besteak beste, Doraemon: Nobitaren dinosaurio berria pelikula proiektatuko da gaur eta bihar, Zuhaitz Gurrutxagaren Futbolistok bakarrizketa izango da, Zornotza Aretoan, arratsaldeko 20.00etan. Gainera, Ludotekan eta Gazte Txokoan, haurrek eta gazteek Euskararen Egunarekin lotutako tailerrak eta jolasak izango dituzte abenduaren 4ra arte.

Mallabian, berriz, ekimenak Euskararen Nazioarteko Egunean bertan burutuko dira eta eguna ospatzeko hainbat ekintza antolatu dira. Besteak beste, eguerdiko 12.00etan Mallabiko plazan Euskararen aldeko topa egingo da. Bertan, txanpain kopa edan eta txorizo egosi pintxoa jango da. Ordutegi berdinean ere Urrezko Aizkolariak izango dira Mallabiko pilotalekuan eta arratsaldeko 17.00etan pilotalekuan esku pilota izango da protagonista. Serie B ligan Salaberria eta Arbizu Egiguren V eta Eskurzaren aurka arituko dira eta LEP.M Ligan berriz, Elordi-Rezusta eta Ezkurdia-Tolosa.