Joan den astetik eta abenduaren 20ra bitartean, Sestaoko musika eskolako erakusketa aretoak 'Gazte artea ezkerraldean' izeneko erakusketa jasoko du. Erakusketa honek ekimenaren aurtengo edizioan parte hartzeko hautatuak izan diren eskualdeko lau artisten lanak biltzen ditu.
Irailean Santurtzin hasi, urrian Portugaleten izan eta urtarrilean Barakaldon amaituko duen erakusketa ibiltari honen helburua Ezkerraldeko artista gazteen sustapena da. Era berean, parte hartzaileei beren proposamenak eta sorkuntzak udal espazio ezberdinetan ezagutarazteko aukera ematen die.
Yara Moriel Ces, Selene Torrado Redondo, Leire Fresnedo Benito eta Maitane Piquer Carranza dira Gazte Artea Ezkerraldean ekimenaren hamaikagarren edizioan parte hartuko duten gazteak.
Yara Moriel Ces. Santurtzi, 2003. Pintura eta marrazketa zaletasun izan ditu txikitatik, eta horiek lantzeko klaseak hartu zituen. Hobby hori hain garrantzitsua zenez berarentzat, gaur egun EHUn Arte Ederrak ari da ikasten. Oraindik ez du estilo zehatzik, zenbait teknika erabiltzen ditu eta hainbat materialekin esperimentatzen du. Errealismoa aztertzen du, alderdi onirikoa, hazten eta definitzen laguntzen diona, pertsonalki nahiz artistikoki.
Selene Torrado Redondo. Portugalete, 1994. Eduki digitalen sortzailea, ilustratzailea eta inkonformista, beti emozioen eta milaka urteko esperientziaren eskutik bere proiektu bakoitzean. Kawaiitik hasi eta gordineneraino, inguran duen mundua zein bere barne-mundua islatzen ditu, ikusi nahiko lukeen munduan hainbat geldialdi eginez. Arrosa kolorea eta mezu feminista baten bidez aurkeztu zuen "Rayadas de género" bere azken erakusketa ekainean. Instagram, Youtube eta Twitch artean mugitzen da, "Barbie Darketa" izenpean, eta Spotifyn bere “Material Sensible!” podcasta entzun dezakezu.
Leire Fresnedo Benito. Sestao, 1999. Txikitatik esparru artistikora jotzen zuten pertsona horietako bat izan da; arte plastikoekiko nahiz eszenikoekiko interesa zuen, eta horregatik hartu zituen pintura, kakorratz eta antzerki eskolak. Batxilergoa amaitzean, arte dramatikoko ikasketa profesionalak hasi zituen eta, ondoren, bikoizketan espezializatu zen. Hala eta guztiz ere, Arte Ederrekiko interesa sentitzen zuen, eta, gaur egun, karrera horretako ikasketak egiten ditu Leioako EHUn.