Tamaina handiko eta lerrokatutako zuhaitzak inausten hasi da Getxo
Hilabete honetan hasi eta datorren urteko apirilera bitartean egongo da martxan Getxoko Udalak hasi berri duen udalerri osoan tamaina handiko eta kaleetan lerrokatutako zuhaitzak inausteko denboraldia.
Inausketa aurreko kanpainan atseden begetatiboan utzitako zuhaitzetatik hasi da, nahiz eta lehenago ere antzeko lan batzuk egin diren Gabonetako argiteria errazago instalatzeko, edo beste arrazoi batzuengatik: zuhaitzen osasunagatik eta beste arrazoi batzuengatik, hala nola etxebizitzei, trafikoari, mugikortasunari eta abarri eragiten dietelako. Altuerako inausketak Getxon dauden ale-mota guztietan egiten dira: platanondoak, ezkiak, akaziak, makalak eta palmondoak, besteak beste. Guztira, 3.500 ale baino gehiago inausiko dira, eta 400 ingururi, berriz, atseden begetatiboa aplikatuko zaie. Urteko inausketak saihestu nahi dira behar ez duten espezieetan, horien egitura-egoera ahal den guztietan hobetzen saiatzeko.
Jarduera honen helburua da oreka ezartzea udalerriko zuhaitzen funtzionaltasunaren eta Getxoko hiri-paisaian bizi diren 15.000 ale baino gehiago hartzeko erabiltzen den espazio mugatuaren artean.
“Udalak, aurten ere, udaleko zuhaitz-ondarea kontserbatu nahi du, eta, horretarako, behar diren lanak egingo ditu, ondare horrek herritarroi hiri-ingurunean ematen digun guztiaz goza dezagun: zuhaitzek klima-aldaketari aurre egiten diote; karbono-hustubideak dira; udan eguzkitik babesten du, auzoetako tenperatura jaitsiz. Horregatik da garrantzitsua haien hazkunde libre eta kontrolatua eta kokaleku urbanoenak bateragarri egitea”, Ingurumen Zerbitzuko zinegotzi Iñigo Urkitzak adierazi duenez.
Inausteko irizpideak
Inausketa-lanak egiteko lehentasuna zuhaitzaren egoera begetatibo, estruktural eta sanitarioa aintzat hartzea da, batzuetan erabaki zaila izaten baita duten apaindura-balioagatik, eta aleen egoera naturalean horiek hazteko askatasuna uzteko printzipioen aurka doa.
Populazio batean lehentasunaren hurrengo arrazoia espazioa da. “Badakigu zuhaitzek kalteak eragiten dituztela espazioak inbaditzeagatik, eta horrek espaloiei eragiten die, bai eta kaleen argitasunari; espaloietan eroritako hostoek eta eraikin eta fatxadetako teilatu-hegalekin kontaktuan egoteak arazoak eragiten dituzte; galtzadak inbaditzen ditzute eta abar. Mugatutako eremu baten barruan izaki bizidun bat mantentzea lan zaila da; izan ere, haren hazkundea kontrolatzea edo zuzentzea ez da beti mugatzen espazioan”, zehaztu du Urkitzak.
Inausketa egiteko aldirik onena negua da, zuhaitzak atseden begetatiboko egoeran daudenean. Hala ere, kanpainak gero eta laburragoak dira, udazkeneko tenperaturak nabarmen igo direlako eta udaberriak gero eta goizago sartzen direlako, klima-aldaketaren eraginez. Gero eta eragin handiagoa eta zorrotzagoa da, neguak gero eta laburragoak izatea eragiten duena, eta, horren ondorioz, kimu berriak aurrera egiten du eta denboran gero eta goiztiarragoa da.