Bilboko Udalak 5.693.895,39 euroko aurrekontua bideratuko du María Díaz Haroko kalea korridore berde handi bihurtzeko lanen bigarren eta azken fasean. Obrak aste honetan hasi dira, eta hamalau hilabeteko epea daukate.

Lehen fasean, 2021eko azarotik 2023ko apirilera bitartean, azken tarteari heldu zitzaion (Simon Bolivar eta Autonomia kaleen arteko tarteari); orain, berriz, hasierako tarteari dagokio txanda, hau da, Kale Nagusiaren eta Simón Bolivar kalearen arteko lau etxadiei. Edo, bestela esanda, guztira 13.780 metro koadroko azalera. Eremu horretan, gaur egun, 3.600 metro koadro daude oinezkoentzako eta lanak amaitu ondoren 6.200 metro koadro izango dira.

Orain hasiko diren lanen helburua, egindakoaren ildoan, korridore berdeari jarraipena ematea eta kalearen proiektua amaitzea izango da; horretarako espaloi zabalagoak eta egoteko eremu gehiago sortuko dira eta inguruan zuhaitz eta landaretza gehiago jarriko dira. Era berean, oinezkoei eta beheko solairuko lokaletarako sarbideari emango zaie lehentasuna; beraz, oinezkoen erabilera lehenetsiko da, ibilgailuen erabileraren beharra ahaztu gabe, bai igarotzeko, bai handik sartzeko.

Obra lau zatitan banatuko da, etxadi bakoitzean bat: lehenengoa, Kale Nagusia eta Rodríguez Arias kalearen artean; bigarrena, Rodríguez Arias eta Poza Lizentziatuaren kaleen artean; hirugarrena, Poza Lizentziatuaren kalearen eta Urkixo zumarkalearen artean; eta laugarrena, Urkixo zumarkalearen eta Simón Bolivar kalearen artean.

Lehen zatianKale Nagusiaren eta Rodríguez Arias kalearen artean, gainerakoen bestelako sekzioa proposatzen da, Casilda Iturrizar parkeari jarraipena emateko eta korridore berdearen kontzeptua finkatzeko. Horrela, etxadi horretan, erdibitzaile berde bat edo jardinera bat jarriko da, zuhaitzekin eta zuhaixka-landare mota askorekin.

Erdiko jardinera horrek diseinu berritzailea eta modernoa izango du. Loreontzi deseraiki batzuek landaretza berria bilduko dute parterre batean. Parterre hori kolore apalekin -gresezko plaketaz, tonu berdeetan- apaindutako hormatxo batek mugatuko du. Gauez, abangoardiako diseinu horrek protagonismo handiagoa hartuko du, argi-joko bat izango baitu, eguzkia ezkutatzean formak eta zuhaitzak are gehiago areagotuko dituena.

Kalearen sekzioari dagokionez, espaloiak zabaldu egingo dira: alde bikoitikoak sei metro baino gehiago eta alde bakoitikoak lau metro baino gehiago izango ditu.

Kale Nagusiko oinezkoen pasabidea handitu eta Ramón Basterra plazaren aldeko espaloia aurreratuko da, pasabidea errazteko eta Casilda Iturrizar parkearen eta María Díaz Haroko kalearen artean oinezkoentzako lotura handiagoa sortzeko. Oinezkoentzako pasabide berria, gainera, goratua izango da, arrazoi berberagatik.

Gainerako tarteetan kalearen sekzioa berriro antolatuko da, galtzada-eremua errei bira murriztuko da, espaloiak sei metro baino gehixeagora zabalduko dira alde bakoitzean eta zabaltze hori aprobetxatuz txandakako egoteko guneak sortuko dira.

Bidegorri bat ere diseinatu daAnselmo Clavé kalean dagoenari jarraipena emango diona eta, Ramón Basterra plazaren bidez eta obraren eremuan zehar, lehen fasean egindakoarekin lotuko dena, Simón Bolivar kalearen parean.

Bestalde, espaloietako txorkoen lerroan, egindako obraren eskemari jarraituz, egiturazko lurzorua ipiniko da, bereziki tratatutako legarrez osatua, zuhaitzen sustraiak hazten laguntzeko eta sustraiak azalera atera ez daitezen.

Argiterian, 6 metroko paldoak erabiliko dira. Beso bikoitza edukiko dute eta luminariak 4,5 metrora egongo dira espaloien gainean eta 6 metrora errepidearen gainean. Luminariak abangoardistak eta funtzionalak izango dira, obraren lehen fasean aukeratutakoak bezalakoak. Lehen zatiko erdiko jardineran ere apaindura-argiak jarriko dira, foku txertatuak eta LEDak erabiliz.

Gainerako udal-zerbitzuen sareak ere berrituko dira. Garrantzitsua izango da saneamendu-sarea berritzeko inbertsioa, aurrekontutik ia milioi bat euro bideratuko baita.

Paisajismoa eta zuhaitzak

Lore eta landareei dagokienez, espaloietarako eta egonlekuetarako lehen faseko eskemari jarraitzen zaio, baina proposamen berritzaile, desberdin eta koloretsu bat planteatzen da lehen zatiko erdiko jardinerarako. Guztira, orain 39 zuhaitz gehiago izango dira.

Lehen zati horretan, Kale Nagusiaren eta Rodríguez Arias kalearen artean, zuhaitzak ipiniko dira, Kale Nagusitik bertatik ikusi ahal izango direnak. Zuhaitzen aukeraketarekin kolore- eta forma-joko bat ahalbidetuko da, paisaia kromatiko aldakorra sortuz, eta zuhaixkak eta landareak ipintzeko diseinu berritzailea aukeratu da.

Zehazki, Freeman astigarra eta zilarrezko ezkia aukeratu dira erdiko jardinerako. Espaloietan, berriz, bi astigar mota konbinatuko dira: Freeman astigarra eta Red Shine.